«Hau ez da bukatu, baina lasai gaude, ospitalea prestatuta dago»
Gabiriar erizainak 36 urte darama lanean ospitalean, azken 15ak kirofano gainbegirale gisa. Azken asteotan, COVID-19a dela eta sortutako unite bereziaren arduraduna izan da.
Lan berria izan duzu azken asteotan?
Bai, koronabirusa dela eta unitate berri bat sortu dugu eta hori gainbegiratzea da nire lana. Etengabeko arnas zainketa ematen dugu unitate horretan.
Ez da izan hori ospitalean hartu duzuen neurri bakarra.
Osasun alertaren ondorioz, berehala sortu zen Goerri-Urola Garaiko ESI-an, kontingentzia plan espezifiko baten beharra. Plan horren barne, ospitaleko eta lehen mailako arretako zentroetako osasun arloko berrantolaketa osoa martxan jarri genuen.
Zer ekarri zuen berrantolaketa horrek?
Hainbat aldaketa garrantzitsu, osasun arreta guztia elkartzeko eta hainbat zirkuitutan antolatu ahal izateko. Batetik, ESI-ko kontsultategiak itxi ziren, Idiazabalgoa izan ezik, eta zabalik utzi ziren Beasain, Ordizia, Lazkao Legazpi, Zumarraga, Azpeiti eta Azkoitiko osasun zentroak. Horietan call centerrak sortu ziren, telefono bidez arreta emateko. Bestetik, ospitalean ere aldaketak egin ziren.
Larrialdien eremua aldatu zen.
Bai, kokapenean eta antolamenduan. Pediatriako larrialdia Goizalde eraikinera pasa zen, ospitaleko eraikuntza nagusitik haurrak ateraz. Helduen larrialdia bi toki desberdinetan kokatu zen, sektorizatu egin zen: ohiko larrialdi zerbitzua arnas sintomak dituztenentzako, eta kanpoko kontsulten eremua, arnas sintomak ez dutenentzako.
Kirofanoak berrantolatu dira.
Ebakuntzak eten egin ziren, lau kirofanoetatik bat larrialdietarako utzita. Beste bat koronabirusa dutenei ebakuntzak egiteko prestatu da, eta beste bat koronabirusarengatik zainketa intentsiboa eta aireztapen mekanikoa behar dutenentzat.
Eta lehen aipatu duzun unitate berria sortu da.
COVID-19ak gaixoei eragindako arnas behar bereziak ospitalean bertan asetu ahal zizateko, leku bat finkatu behar izan dugu, kirofanoetatik gertu dagoen UCSI delakoan. Ingresorik gabeko kirurgia unitatea da hori, Ingresorik Gabeko Zirugia Unitatea, hau da, kirofanora sartu baino lehen gaixoak prestatzeko gunea, eta ebakuntzak eten egin direnez, gune hori ez da beharrezkoa eta hortxe finkatu dugu unitate berezia. Eremu horretan aireztapen ez mekanikoa eskaintzen zaio gaixoari, hodiak jarri gabe, bere prozesuan aurrera jarraitzeko aukera emanez. Ospitalizazioaren eta UCIaren bitarteko eremu bat da.
Langileak ere prestatu dira.
Bai noski. Egun gogorrak izan dira, zorrotzak, oso biziak. Gure ohiko eginkizunak, lan ordutegiak, lan taldeak… erabat eraldatu dira, baina osasun langileok egoera berrira egokitzeko gaitasun ikaragarria izan dugu. Laguntasun jarrera, batasuna, lasaitasuna, elkarlana… Hori ikusita nekea erabat ahazten zitzaigun.
Askotan gure artean formatu behar izan gara, elkarri erakutsi. Ni kirofanoko erizaina banaiz, arnasketa eremuko erizainak erakutsi egiten dit edo tailer bat ematen dit gaixo horiei buruz. Lan taldeak osatzean ere, espezialitate hori ezagutzen duen langile bat jartzen dugu beti.
Ospitaletik kanpoko langileak ere berrantolatu dituzue.
Bai, erabat. Kontsultegiak itxi eta anbulategi handiak bakarrik zabalik utzi zirenean, langileak ospitalera etorri ziren, ospitaleko unitate kritikoa, larrialdiak, etxeko ospitalizazioa edo barne medikuntza indartzera.
Antolaketa hori guzti eginda, nola joan da?
Badirudi okerrena pasa dela eta zorionez, gure egoera ez da izan Gasteizen edo Bilbon bizi izan dutena. Orain, ospitalea prestatuta geratu da etor daitekeen piko edo brote berri baten aurrean. Alde horretatik lasaitasun handia dugu.
Zenbat gaixo pasa dira?
Martxoan eta apirilean zehar, 73 pertsona egon dira ingresatuta COVID-19aren ondorioz; apirileko lehen astea izan zen gogogorrena, 20 ingresorekin. Unitate berritik 6 gaixo igaro dira, baina orain hutsik dago. Gaur [atzo, apirilak 30] hiru pertsona daude ingresatuta.
Aurrera begira nola ikusten duzue?
Badakigu broteak izango ditugula gizarte osoa inmunizatu arte edo txertoa sortu arte. Arriskua beti izango da hor. Baina lasai gaude, prestatuta gaudelako brote horiei erantzuna emateko.
Ospitalea hasi da ohiko martxara itzultzen?
Hasi gara, bai, normalizazio berri baterako bidean, baina koronabirusarekin bizi izan beharko dugu denbora puska batean. Gure eguneroko egoera pixka bat aldatuko du, baina normalizatzen joango da. Aste honetan programatutako kirurjia egiten hasi gara, kontsultak irekitzen… Kontsultategiek itxita jarraitzen dute, eta osasun zentroetan telefonoz egin behar da hasierako harremana.
Zer iruditzen zaizu jendearen erantzuna?
Hasteko, eskertzekoa da osasun langileek egoera berrira egokitzeko izan duten gaitasuna, onena eman dute guztiek. Esan behar da ESI osoan 1.000 osasun langile ari garela COVID-19aren krisian lanean, eta 10 kutsatu direla koronabirusarekin.
Eta eskerrak eman nahi nioke baita ere Goierriko gizarteari: udalei, jende partikularrari, ostatuei… Maskarak egiten, ostatua eskaintzen, babeserako pantailak prestatzen, maindireak eskaintzen… Denak egon dira laguntzeko prest.
Eta txaloak?
Hunkigarriak! Malkoak ateratzen zaizkit. Eskerrik asko denoi!
Aholku berezirik?
Jarraitu osasun aholkulariek ematen diguten neurriak betetzen: hitz bat baldin badago koronabirusa dela eta beti aipatu dena, zainketa da hori. Zaindu zaitez, zure familia eta ingurokoak zaintzeko. Bestalde, koronabirusaren inguruan herritarrek izan ditzaketen zalantza nagusiak argitzeko, komunikaziorako kanal digital bat jarri du martxan Osakidetzak bere webgunean, Maia (www.osakidetza. euskadi.eus.)izeneko laguntzaile birtuala. Euskaraz zein gasteleraz erantzungo dizu elkarrizketa baten bidez, une bakoitzean egokienak diren gomendioak emateko eta zalantzak argitzeko.