Aristerrazuko erromeria ere 'online'
Erromeria leku ezaguna da Aiako Aristerrazu plaza. Igandero trikiti eta dantza zale ugari biltzen dira bertan. Orain, jendea elkartu ezin dela eta, sarean hasi dira erromeria saioak eskaintzen. Josu Albisuk eta Amets Arteagak egin dute saioa.
Trikiti plaza ezagunik bada, Aiako Aristerrazu da trikitilari eta zaleen artean maiteenetako bat. Igandero biltzen dira erromeria zaleak bertan, soinuak eta panderoak lagunduta, dantza saioa egiteko. Koronabirusak eragindako egoeran, ordea, ezin da halako juntadizorik egin, eta bestelako bideak aukeratu dituzte. Aristerrazu Zuzenean Facebook orrialdearen bitartez, erromeria saioak zuzenean hasi dira eskaintzen. Josu Albisu aramarrak eta Amets Arteaga baliarraindarrak egin dute zuzeneko horietako bat.
Senar-emazteak dira Albisu eta Arteaga, eta Baliarraingo etxetik zuzenean grabatu dute saioa. “Jendea ez zegoenez aurrean, espero baino soltura handiagoarekin aritu naiz. Ondoan konfiantzazkoa zen, eta gustura. Josu ere ondo aritu da, beraz, orokorrean oso gustura”, esan du Arteagak, Tolosaldeko Atariak egindako elkarrizketan. Denbora zeramakien jende aurrean aritu gabe; Albisuk, aldiz, saio jakin batzuk egin ohi ditu urtean zehar. “Noizbait arituta geunden elkarrekin, baina mikrofonorik gabe. Beraz, saiorako egin dugun prestaketa polita izan da, eta gure umeek hori ikusi ahal izatea ere ederra izan da”, esan du Arteagak.
Esperientzia bitxia izan dela azaldu du: “Ez genekien zenbat jende zegoen, edota azkarregi zoazen eta jendeak ezin duen dantza egin erritmo horretan. Alde horretatik, pieza bukatuta pixka bat hotz geunden, ez genekiela zenbat itxoin behar genuen hurrengoa hasi aurretik”. Hori bai, herritarren animoak jaso dituzte saioa bukatu eta gero. Gainera, bozgorailu batzuk jarri dituzte herrian, eta entzun ahal izan da. “Alkateak esan digu, ez dakiela festarik egiteko nolako aukera izango den, baina gurekin kontatzen duela erromeriarako”, esan du Arteagak.