Asteroko azoka berreskuratuko du Beasainek
Azoka 08:30etatik 12:30era arte egongo da Loinazko San Martin plazaren goiko aldean eta azpian. Elikagai postuak besterik ez dira egongo.
Elikagai postuen azoka egingo da Loinazko San Martin plazan bihartik aurrera. 08:30etatik 12:30ak bitarte hamabost postu egongo dira Loinazko San Martin plazaren bi eremuetan: goian hiru fruta saltzaile, lore saltzailea, bakailao salmenta eta fruitu lehorrak saltzen dituenetako bat; eta behean, sei baserritar, bi fruitu lehor saltzaile eta hestebeteak. Ez da arropa saltzailerik egongo herriko dendak itxita dauden bitartean.
Azokan, asko jota, hamabost lagun egongo dira aldi berean. Gune bakoitzak sarrera eta irteera bat izango du, eta bertan maskara eta eskularruak jartzea eskatuko zaie eta gel desinfektatzailea banatuko da. Banan banan sartu beharko da, eta une oro segurtasun distantziak errespetatu. Hala, udaletik arduraz jokatzeko eskatu dute eta pilaketak ekiditeko. Era berean, 65 urtetik gorako herritarrei azokara ez gerturatzeko gomendatzen die udalak.