Bigarren egunez jarraian, ez da positibo kasurik agertu Goierrin
Hala diote Osasun Sailaren datuek. Azken bi egunetan ez da positibo kasu berririk agertu Goierri osoan. Arangoiti egoitzako langileek positibo kasurik ez dutela ospatu dute.
Pasa den astean izandako gorabeheren ondotik, datu baikor batekin hasi da astea. Osasun Sailaren gaurko txostenaren arabera, ez dago positibo kasu berririk eskualdean, eta bigarren eguna da jarraian. Joan den astean ere pasa zen halakorik, baina gerora datuen dantza etengabea izan da. Datozen egunetan ikusi beharko da baretzeko tendentzia hori mantentzen ote den.
Beste datu baikor bat atzo Beasaingo Udalak emandakoa izan zen; Arangoiti adinekoen egoitzan, positibo eman zuen azken egoiliarrak gainditu du gaitza, eta dagoeneko ez dago koronabirusak kutsatutako inor. Langileek ere esker ona adierazi nahi izan diete egoiliarrei, haien senideei eta baita herritarrei ere, taldeko argazkia aterata.
Zumarragako ospitalean ingreso berriak izan dira asteburuan, eta une honetan 13 lagun dira zaintzapean daudenak, nahiz eta bakar bat ere ez dagoen ZIUn. Asteburuan ez dute sendagiri berririk eman.
Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, 16.246ra igo da positibo eman duten pertsonen kopurua. Gipuzkoan, koronabirusa 2.778 laguni atzeman diote, atzo baino 8 gehiagori. Osasun sailak ez du zehaztu azken 24 orduetan egindako test kopurua lurraldeka; EAE mailan, 109.326 PCR eta 54.467 test azkar egin dituzte orain arte.
Herria: | Positibo kopurua: | Aldaketa: |
Goierri | 296 | = |
Ordizia | 73 | = |
Zumarraga | 72 | = |
Beasain | 51 | = |
Legazpi | 25 | = |
Urretxu | 17 | = |
Lazkao | 16 | = |
Legorreta | 7 | = |
Zegama | 6 | = |
Ataun | 5 | = |
Idiazabal | 4 | = |
Zaldibia | 4 | = |
Segura | 4 | = |
Mutiloa | 3 | = |
Arama | 2 | = |
Itsasondo | 2 | = |
Ormaiztegi | 2 | = |
Altzaga | 1 | = |
Ezkio eta Itsaso | 1 | = |
Olaberria | 1 | = |