Legorretako Azintzio jaiak eta Korpus eguna, bertan behera
Maiatzean ospatzekoak ziren Legorretako festak eta Korpus Eguna bertan behera uztea erabaki du udalbatzak, aho batez. Herritarreik jaiak balkoietan eta irudimena erabilita ospatzeko deia egin diete.
Gainontzeko herrien bide beretik, maiatzean ospatzekoak ziren Legorretako Azintzio jaiak eta Korpus Eguna ere bertan behera gelditu dira. Hala jakinarazi du udalak, duela minutu gutxi argitaratu duen ohar baten bidez. Udalbatzak “aho batez” onartu zuen erabakia izan dela azaldu dute, eta legorretarrentzat egun garrantzitsuak badira ere, “herritarren osasuna lehenestea” dagokiela.
Alarma egoera indarrean jarri zenetik, “koronabirusak herritarrei ekarritako kaltea arintzeko neurriak” hartzen aritu da udala. Konfinamendua arintzeko neurriak hartzen hasi direla eta, udala era “fasez fase aurrerapausoak ematen” hasiko dela azaldu dute, beti ere “zuhurtziaz” jokatuz. Momentuz “ezinezkoa izango da jende pilaketa handiak” sortzea, herritarren arteko kontaktua ekidite aldera. Egoera horretan, “halabeharrez”, bertan behera utzi dituzte herriko festak eta Korpus eguna. Hala ere, “beste modu batean behintzat ospatu” daitezkeela azaldu dute, eta herritarrei balkoietatik eta nork bere etxetik, teknologia eta irudimena erabiltzeko deia egin diete. “Datozen egunetan jasoko duzue festetarako egitarau alternatibo eta xume bat antolatzeko deialdia, denon ekarpenak izango baitira kontuan hartzekoak”.
Udalbatzak “esker ona” azaldu eta animoak bidali nahi izan dizkie herritarrei, “pixkanaka eta elkarrekin aurrera egingo dugulako”.