«Ekitaldi batean aforoa hainbeste murrizteak ez du logika handirik»
Ordiziako Emaneurre taldeak, Euskal Herriko 5. Artisau Garagardo Azoka zuen antolatua larunbat honetarako, baina egoera aldatu bitartean ez dute ospatuko. Pilota txapelketa eta Emaneurre Euskarari eguna ere oraindik airean daudela dio Egoitz Iztueta taldekideak.
Datorren astebururako zein plan zenuen?
Emaneurre taldearekin Euskal Herriko 5. Artisau Garagardo Azoka egitekoak ginen, maiatzaren 9an, larunbatean.
Egun hori nolakoa izan ohi da antolakuntzan aritzen zaretenontzat?
Goizean goiz gelditzen gara, 07:30ak 08:00ak aldera edo. Beti gustatzen zaigu goiz gelditzea, eguna lasaitasun handiagoz hasi eta azoka ere lasai ireki ahal izateko. Lehen gauza, postuen muntaia izan ohi da. Ondoren, ekoizleak iritsi ahala, haiekin egon. Ekoizle gehienak, aurreko urteetan egondakoak dira, beraz, badakite zer egin behar duten. Lehenengo aldiz datozenei berriz, azokaren nondik norako guztiak azaltzen dizkiegu.
Behin azoka martxan, tiketak saltzen jartzen gara. 14:30ean azoka itxi eta elkarte batean bazkaltzen dugu.
Arratsaldean ere ireki ohi duzue, ezta?
Bai, bazkal ostean berriz azokara joaten gara. Garagardo onena aukeratzeko txapelketa, kontzertu txiki bat, eta gauean, 00:00etan ixten dugu. Hurrengo egunean, guztia jaso eta plaza txukun-txukun uzten dugu.
Aurtengorako nobedaderik bazen?
Euskal Herriko Artisau Garagardo Azoka izan da orain arte, euskal ekoizleekin beraz. Aurten, Baqueira Bereteko ekoizle bat zen etortzekoa.
Zenbat ekoizle ziren etortzekoak aurten?
15-16 bat zen asmoa. Dagoeneko 12rekin kontaktoa egina geneukan eta baiezkoa esanda zuten.
Beste alternatibaren bat pentsatu duzue?
Oraindik ez dakigu zer gertatuko den, baina aukera desberdinak badabilzkigu. Datorren urtera arte itxarotea da aukeretako bat, eta ohiko datan egitea. Beste aukera bat da, irailean egitea. Oraindik eguraldi ona egin ohi du, eta posible bada, aukera ona izan daiteke. Urrian egitea ere pentsatu dugu. Ez dakit, zerbait esan ahal izateko goiz da oraindik.
Norberak bere etxetik nolabait ospatzeko moduan pentsatu duzue?
Ez, egia esan ez dugu horrelako ezer planteatu.
Momenturen batean izan duzue ospatu ahal izango zenaren esperantza?
Martxoaren 15ean Alarma Egoera ezarri zenean, hasiera-hasieratik, nahiko garbi izan genuen ezingo genuela ospatu, beraz, bagenekien bertan behera geldituko zela. Horrelako ekitadiak, ehuneko ehunean gozatu ahal izateko antolatzen dira. Aforoa zainduta eta beste segurtasun neurri batzuk hartuta, ez litzateke berdina izango eta horrela egiteko, hobe ez egitea.
Azokaren antolakuntzan ari zaretenon artean zer komentatzen duzue?
Ba esandakoaren haritik, ehuneko ehunean egin ahal izan arte hobe dela bertan behera uztea.
Pentsatu aforo murriztua duen ekitaldi batean. Ze iritzi duzu horren inguruan?.
Artistek adibidez kontzertuak egin nahiko dituzte, haien diru iturria baita. Ikusle bezala, aforoaren %20, %30 edo %50ak joan ahal izateak ez du inongo zentzurik. Ekitaldi batean aforoa murriztea nahiko erridikulua da, ez du logikarik.
Emaneurrek, garagardo azokaz gain, beste hainbat ekintza ere antolatzen ditu. Duela gutxi, Realak kopako finala jokatu ezin, eta etxeetan ospatzeko deia egin zenuten.
Bai, eta erantzuna oso ona izan zen. 100dik gora argazki jaso genituen. Ez bakarrik Realzaleenak, baita Atlheticeko jarraitzailak ere. Gainera, jendeak balkoiak eta leihoak dekoratu zituen. Oso polita izan zen.
Herri mailako pilota txapelketa ere oraintxe jokatu beharko litzateke.
Bai, hala da! Baina hori ere, bertan behera gelditu da momentuz. Finala, ekainaren 22rako geneukan aurreikusita, baina egoera honetan jokatzea oso zaila da.Egun horretan finala jokatzea posible balitz, txapelketaren formato guztia aldatu beharko genuke, dagoeneko kanporaketak jokatzen hasiak beharko luketeelako. Aste Santuaren ondoren hasi ohi dira kanporaketak jokatzen. Beraz, epe luzeagoan egin ohi duguna, epe askoz laburragoan egin beharko genuke.
Gainera, txapelketako finala, Ordiziako Santa Ana festen bueltan ospatzen da. Aurten, festak egingo ote diren ez dakigu. Beraz, Udalak gai horren inguruan zer esaten duen zain gaude.
Emaneurre Euskarari Eguna ere antolatu ohi duzue.
Bai, hori irailean izaten da. Irailera nola iristen garen ikusi behar dugu oraindik. Guztia airean dago oraindik.
Pertsonalera joz, konfinamendua pixka bat arindu dute orain, baina orain arte zeren falta somatu duzu gehien?
Kirola egitea. Kirolak nekatu eta aldi berean energia ematen dit. Etxetik ezin atera eta kirolik ezin egin, nire buruarekin haserre egon naiz, eta ondokoak nahasten beraz. Neke sentsazioa ere izan dut, alpertuta. Eta loa hartzea ere kosta.
Askatasun osoa heltzen denerako, zein plan duzu?
Lehen egiten nituen gauzak egin ahal izatea, hori da buruan dudana. Eta kuadrillakoekin elkartu eta fundamentuzko bazkariren bat edo egin beharko dugu. Ospakizun bazkaria izango da.
Egunerokoan zertan eragin dizu gertatutakoak?
Lanetik ezin deskonektatu nabil. Irakaslea naiz eta etxetik ari naiz lanean. Ez irakasleontzat ez ikasleentzat ez ohiko egoera bat. Adibidez, ikasleek, zalantzak galdetzeko idazten didate, eta hori edozein momentutan izan daiteke. Zalantza horiek lehenbailehen argitzen saiatzen naizm horrek suposatzen duenarekin.
Isabel Zelaa Hezkuntza Ministroak esan du irailean eskoletan hasiko direla ikasleak baina 15 pertsona gela bakoitzean. Irakasle bezala, zer?
Hori ez dut oso posible ikusten. Espazio fisiko nahikorik ez dago guztientzat, eta bestela, irakasleak bikoiztu egin beharko lituzkete. Ez dakit!
Bukatzeko, hau guztia hasi zeneko oroitzapenen bat?
Martxoaren 15ean Alarma Egoera ezarri aurreko aste horretan, Kristina Uriarte atera zen prentsaurrean, ostegunean, martxoaren 12an. Eskoletan klaseak ez zirela emango esan zuen.
Une hartako irudi bat datorkit burura: irakasle gelan, irakasle guztiak ordenagailu baten bueltan, Uriarteren prentsaurrekoa ikusten zuzenean. Momentu horrek asko inpaktatu zidan. Nik ez dut Francoren heriotza bizi izan, baina pelikulatan ikusi dut zer nolako ikusmina sortu zuen momentu hark. Ez dakit, baina une hori zetorkidan burura.
Nola diren gauzak. Sekula ez dut ikusi politikoen prentsaurrekorik. Orain, Alarma Egoeran gaudenetik, larunbat arratsaldero Pedro Sanchezen zuzeneko prentsaurreko osoa ikusten dut, hurrengo astetik aurrera zer egiten utziko digun entzuko gogoz. Hego Ameriketan, presidenteei miresmen handia diete. Nire burua trantze hortan ikusi dut.