Etxeko atea ireki diete gremioei
Alarma egoera hasi zenetik zazpi astean, gremioek ezin izan dute etxebizitzen barruan lanik egin. Geldialdi kaltegarria izan da sektore askorentzat. Astelehenetik, has litezke. Baina ziurgabetasuna eta zalantza da nagusi.
Elektrikari, iturgin, igeltsero edo arotz iaioenak ere nekez konpon dezakeen aberia eragin du koronabirusaren izurriteko geldialdiak gremioen sektoreetan. Etxeak jendearen gotorleku bilakarazi zituztenetik, haietara sartzeko aukerarik ez dute izan. Lan bolumen garrantzitsua da gremioientzat etxe partikularretako mantenu, matxura eta instalazio berritzeena, eta kalte mingarria eragin die geldi egon beharrak.
Iturgintza sektorea da astelehenetik etxeetara lanera joan daitekeenetako bat. Zuhur hartu dute ate irekiera, ordea. Langileen osasun segurtasuna lehenetsi beharra dago, batetik. Jarri dizkieten arau eta neurriak, bestetik. Zenbait kasutan, iturginen elkargoaren oharrik ez dute jaso; beste batzuek, bai.
«Elkargotik bidali digute jadahasi gaitezkeela dioen oharra, azkeneko arauen arabera. Beti ere etxean ez badago inor, eta kontaktua saihestuta. Komunitateetan sartzeko, harekin adostu behar ditugu neurriak. Igogailuak erabili behar bada, ordu batean igo eta gero erabili gabe egon… Bestetik, jakinekoak diren babes neurri guztiekin joan beharra daukagu», dio Berolan iturgintza enpresako Nieves Urdangarinek.
Etxeetan ezin izan dute jardun, astelehena arte. «Komunitateetan egon da muga, nahiz eta etxea hutsik egon, han ezin baikenuen sartu. Obra berrian, eta baserri edo etxe zaharretan arazorik ez zegoen, hutsik baldin bazeuden», dio Urdangarinek. Ezintasun hori, ordea, tokiaren arabera malguagoa edo zorrotzagoa izan dela gehitu du. «Badakit udal batzuek lasaiago utzi dutela, Donostia aldean eta; herri guztietan ez da berdina izan».
Batean edo bestean, lanean jarraitu dute iturgintzako enpresek, etxe partikularretan izan ezik. Horietan, larrialdiak edo matxurak izan ezik, jakina. «Lanean ari gara gu, baina etxeetan ahal den gutxiena sartzen saiatuta, kutsadura beldurragatik. Lehen utzitako lan batzuk eta bagenituen, eta haiekin aritu gara. Ahal den gehiena luzatzen ari gara kontaktu eza», azaldu du Zaldibiako Xabi Mendizabalek.
Egoerarekin kezkatuta
Obra berriak izan dira azken hilabete eta erdian gremioen heldulekuak. Lan jarduera erabat gerarazi zuten egunetan izan ezik, nolabaiteko aktibitatea eman diete. Baina ez ohikoa, inolaz ere. Langileak kontura dituzten enpresek, adibidez, aldi bateko enplegu erregulazioan sartu dituzte.
Enpresaren espezializioak ere eragin du. «Guk normalean obra berrian lan egiten dugu, eta guri apenas eragin digu. Denda itxita daukagu, hori bai. Aste Santuan obrak geratu ziren, baina bestela lan egin ahal izan dugu», esan dute Gaztelu Iturgintzatik.
Hala eta guztiz, gizarte osoa ia lozorroan egoteak eragin die: «Obrak ez ditugu gertu orain, Elgoibarren eta Errenterian, eta mutilek menu bat jateko aukerarik ere ez dute».
Elektrikarien artean ere oso antzekoa da egoera. «Obra berrietan edo hutsik dauden etxebizitzetan ari naiz lanean orain. Ez naiz hasi oraindik etxe partikularretan eta jendea bizi den tokietan. Ez dakit oso garbi dagoen oraindik; izan ere, baldintzak jartzen dituzte, eta interpretazio asko daude. Orduan, inor molestatzen ez dugun obretan ari naiz», dio Mattin Elektrizitateko Mattin Aranburuk.
Hala eta guztiz, galera nabarmena eragin du itxialdiak. «Normalean etxebizitzetan aritzen naiz. Ia hilabete geldi egon naiz. Matxura gutxi izan dira, komuninitateetako elementuak ez direlako erabiltzen».
Gremioen giltzarrapoa askatzera doala dirudi, lana egiteko aukerak eta mugak irekitzen ari diren neurrian. Baina zalantza da nagusi, gaur-gaurkoz. «Obran gremio asko gabiltza, eta denen zalantza da gerora zer pasatuko den: baxualdia joko duen… duda asko», dio Aranburuk.