Ezinegona herriko tabernetan
Espainiako Auzitegi Nazionala herriko tabernen kontrako sententzia gauzatzen hasi da. Kontu korronteetako dirua hartu du eta lokalak kenduko dizkieten beldur dira Goierriko taberna eta elkarteak ere.
Espainiako Auzitegi Nazionala herriko tabernen auziko sententzia gauzatzen hasi da, haien kontu korronteak bahitzeko agindua emanda. Auzitegi horrek 2014an atera zuen 35/02 sumarioko epaia, eta, kartzela zigor batzuk emateaz gain, 103 herriko taberna konfiskatzeko agindua eman zuen, ETAren egitura— finantzatzea egotzita. Zigorra jaso zuten 103 herriko taberna horietatik, 53 Bizkaikoak dira, 35 Gipuzkoakoak, zortzi Arabakoak eta zazpi Nafarroakoak. Beste 11 herriko taberna absolbitu egin zituen: Bizkaiko bi eta Gipuzkoako bederatzi.
Gorenak 2015eko ekainean eman zuen sententzia, eta, espetxe zigorrak jaitsi arren, kasik bere hartan utzi zuen herriko tabernen aurkako neurria: 101 herriko taberna bahitzeko agindu zuen. Haren epaia hasi da gauzatzen Auzitegi Nazionala. Gorenak 2015eko sententzia jakinarazi ostean, Efe berri agentziak Justizia Ministerioko iturriak aipatuz zabaldu zuenez, prozedura gisa herriko tabernak itxi eta enkantean ateratzea erabiliko zuten, hortik ateratako etekinak Espainiako Estatuaren mesedetan erabiltzeko xedez. Bost urtean ez dute mugimendurik egin, orain kontu korronteen enbargoak hasi arte.
Goierrin bost herriko taberna daude (Beasain, Lazkao, Ordizia, Segura eta Zaldibian) eta denak itxiko dituzten beldur dira. Zumarragako Amalur elkarteak ere zigorra jaso zuen eta itxiko duten beldur dira. Legazpiko Herriko Taberna itxita dago, baina lokala kendu diezaiekete. Urretxuko Aldiri herriko taberna alokairuan zegoen eta itxi egin zen.
Seguran, tabernaz gain, elkartea, gaineko etxebizitza eta ganbara dituzte. Lazkaon, taberna eta gaineko etxebizitza. Beasainen, taberna, elkartea eta bi lokal. Zaldibian, berriz, taberna eta gaineko lokala.
Jokin Zubeldia zaldibiarrak Joxepane herri ostatuan lan egiten du. Prozesu luze honek sekulako «ezinegon» sortu duela dio. «Sei urte pasa dira lehen epaia eman zutenetik eta denbora honetan guztian ez dugu jakin zer egin. Ixtea berehala izango zela uste genuen, aztoratuta ibili ginen, eta ondoren lasaitu egin ginen. Batzuk dagoeneko ez zituztela itxiko uste zuten. Baina Damoklesen ezpata hor zegoen. Zer egingo zuten jakin gabe, ez ginen ausartzen lokaletan inbertsioak egitera. Orain kontuak enbargatu dituzte, baina ez dakigu noiz etorriko diren lokalak ixtera: astebetera edo urtebetera. Horrek gure ziurgabetasuna areagotu du. Sententzia irmoa da eta Estatu espainiarrean dagoen indar korrelazioa ikusita, ez dut uste barkatuko digutenik».
Toki askotan herriko tabernak zuzenean kudeatzeari utzi zioten. Zaldibiakoa da Goierrin kudeaketa zuzena duen bakarra. Sei langile daude: bi egun osoz eta beste lau asteburuetan.
Herriko tabernak galtzea galera handia litzatekeela dio. «Zaldibiakoa 1994ean ireki zen, auzolanean. Sekulako lana egin zen eta herriko eragile askok erabiltzen dute lokala. Itxiko balute, izugarrizko hutsunea sortuko litzateke».
Miren Josune Begiristain zumarragarra iritzi berekoa da. «Egoera hau gure kontu korronteetako dirua ateratzeko baliatu dute eta orain lokalak kenduko dizkiguten beldur gara. Urretxun alokairuan geunden, baina Zumarragako Amalur elkartearen lokala gurea da. 1980an erosi genuen eta 100 bat bazkide gara».