Odol biltegiak beteta daude
Gipuzkoako odol emaileen elkarteak kudeatzen ditu Goierriko emariak ere. Goierrin guztira, itxialdia hasi zenetik, 337 odol emate izan dira, hainbat herritan banatuta.
Odol emaile elkarteetan lanean jarraitzen dute. Koronabirusak arlo honetan ere eraginik izan du, baina kudeaketari dagokionean batik bat. Hala azaldu du Gipuzkoako odol emaile elkarteko presidentea den Sabin Urzelaik: «Egoera egun batetik bestera aldatzen da, baina odola ez da arazo izango». Odol emateak egiten diren arren, neurri bereziak hartu dituzte elkartean.
Seguran apirilaren 24an izan zen odola emateko azken deialdia. Salome Olaetxea Segurako odol emaileen delegazioko arduradunak azaldutakoaren arabera, oparoa izan zen. Hogeita hamabost pertsonak hartu zuten parte: «Bizi dugun konfinamendu egoera kontuan izanda kopuru inportantea da».
Gipuzkoan 70 delegazio ditu odol emaile elkarteak herri ezberdinetan banatuta.
Emaile kopurua mugatuta
Odola ematen jarraitzen dute, baina neurri bereziekin: «Oheak apartatuta egon behar dira eta ezin da jendea pilatu. Beraz, gehieneko kopuru bat ezarri dugu lokalaren arabera», azaldu du Urzelaik. Bestalde, aurretik odola eman dutenek dute lehentasuna lana errazte aldera, emailearen datuak eguneratuagoak egongo direlako: «Lehenengo aldiz odola eman nahi dutenek oraindik eman ez dezaten saiatzen ari gara».
Batzuk-batzuk ere hitzordurik gabe geratu dira. Urzelaik adierazi du berri ona dela: «Desilusionatu daitezke, baina horrek esan nahi du kopurura iritsi garela eta erantzuna ona izan dela».
Ordizian herenegun izan zen odola emateko eguna. Ohiko egoeran 70 pertsona inguru izaten dira, baina Alarma Egoera honetan 60 pertsonan ezarri zuten muga: «60tik 58 emaile etorri ziren, beraz, ederki». Beasainen, aldiz, gaur izango da. 50 eta 60 bitartean izan ohi da emaile kopurua. Gaur muga 40 pertsonan jarriko dute.
Elkarteak mezu bat bidaltzen die inguruko emaile guztiei hitzordua nola eskatu behar den azalduz. Itxialdia hasi zenetik, guztira 337 odol emate egin dituzte Goierriko herrietan, martxoaren 13tik maiatzaren 4ra bitartean.
Enpresetan, bertan behera
Goierriko hainbat enpresetan ere ateratzen dute odola urtean zehar elkartearen bitartez, baina oraingoz bertan behera gelditu da plangintza hori. Martxoaren 17an, esaterako, Beasaingo Indar enpresan zuten hitzordua. Alarma egoera ezarrita zegoenez ordurako, ez zuten egin.
Erreserbak, beteta
Urzelairen arabera, erreserbak «nahiko ondo» daude: «Zero negatibo eta A negatibo normalean baino baxuago daude, baina odol beharra ere normalean baino baxuagoa da». Izan ere, ospitaleetako programaturiko ebakuntzak geldituta daude.
Erreserba horien jarraipen zehatza egiten du elkarteak balantza mantentzeko: «Gure zeregina ez da ahalik eta odol gehien ateratzea, baizik eta premia asetzeko beharrezkoa dena ateratzea», azaldu du Gipuzkoako elkarteko presidenteak.
Odola biltegiratzearen arazoa iraungitu egiten dela da: «Transferitzen dena eta kadukatzen dena betetzeko mantendu behar ditugu erreserbak». 42 egunetan iraungitzen dira globulo gorriak, eta 7 egunetan plaketak.
Gazteak erakartzea
Etorkizunari begira, gazteak odola ematera erakartzea dute helburu. Konfinamenduan galdutako emaileak berreskuratu nahi dituzte udan: «Oraindik ez dakigu nola izango den, baina gazteekin aktibitateren bat antolatzeko lanean ari gara».
Dena dela, Gipuzkoako odol emaile elkarteko presidentea gogotsu agertu da, eta herritarrak sentsibilizatuta daudela adierazi du: «Erreserbak ondo daude eta emaileek jarrera ona azaldu dutela uste dut».