Alarma egoeraren luzapena onartuta, lehen faserako bidean
Maiatzaren 11tik aurrera tabernetako terrazak ireki daitezke, baina ostalari asko ez dago prest. ABEEan dauden langileak pixkanaka lanen hastea eskatzen dute, besteak beste
Alarma Egoera maiatzaren 24ra arte luzatzea onartu du Espainiako Kongresuak, Sanchezek zuzentzen duen gobernuaren proposamenak, EAJ eta Ciudadanosen babesa jaso eta gero. Hiru baldintza jarri zituen EAJ-k luzapenaren alde bozkatzeko, eta Sanchezen gobernu taldeak hirurak onartu ditu: koronabirusaren aurkako neurriak erkidego bakoitzarekin adostea, Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak eragozpenik gabe egin ahal izatea, eta Trebiñuk Arabako trataera izatea.
Hala, EAJ-ren aldeko botoak erabakigarriak izan ziren atzoko Espainiako Kongresuaren saioan, Sanchez presidenteak proposatutako alarma egoeraren laugarren luzapena onartzeko. PSOEren eta Unidas Podemosen botoei, EAJ, Ciudadanos, PRC, Teruel Existe, Mas Pais, BNG eta Compromis alderdien baiezkoak batu zitzaizkien luzapena onartzeko bozketan. Aldeko botoekin batera, PP alderdiaren abstentzioa ere beharrezkoa izan zen alarma egoeraren luzapenerako. EH Bilduk ere abstentziora jo zuen, eta ERC-k eta Vox-ek aurka bozkatu zuten.
Martxoaren 14an ezarri zen alarma egoerak, beraz, maiatzaren 24ko 00:00ak arte iraungo du momentuz, eta horrek ahalbidetu egingo du egoera hori bera arintzeko gobernu espainiarrak markatu duen planarekin jarraitzea. Beraz, baldintza guztiak betetzen dituzten tokietan deseskalatzearen lehen fasea aplikatzen hasiko dira datorren astelehenean, maiatzak 11. Tartean izango dira, gauzak okertu ezean, euskal erkidegoko hiru lurraldeak eta, beraz, Goierri.
Tabernariak, itxaroan
Alarma egoerari lotutako konfinamendua arintzeko lehen fasera igaroko diren lurraldeak zeintzuk izango diren ez dute oraindik jakinarazi, bai ordea fase horretarako aurreikusitako neurriak, zehatz-mehatz datozen egunetan finkatuko badituzte ere. Arintze neurriak alor guztietan aplikatuko dira, baina nabarmenenak ostalaritzaren eta merkataritzaren alorrekoak dira, herritarren bizitza sozialarekin zerikusia duten beste batzuekin batera. Datorren astelehenetik aurrera, adibidez, 10 laguneko taldeak elkartu ahal izango dira etxeetan edo aire librean.
Bestalde, normaltasuna berreskuratzeko bidean kokatuta, tabernetako terrazen irekierak itxaropen handia eragin du herritarren artean, baina Espainiako gobernuak ezarri dituen baldintzak oso gogorrak dira, edukiera mahaien %50era muga- tzen baitu. Horrek atzera bota ditu tabernari asko, terrazaren jarduera erdira mugatuta, ez dielako merezi negozioa irekitzeak.
Legazpiko Katilu eta Kukue tabernen jabeak diren Joxe Blas Egaña eta Gerardo Arnedo daude astelehenean irekiko ez dutenen artean, herriko gainerako tabernari gehienak bezala, «terrazan mahai gutxi batzuk jarrita, ez dugu langileak eta bestelako gastuak estaltzeko adina irabaziko, ez du merezi», diote. Ez zabaltzea erabaki aurretik, terrazako mahaiak nola kokatu zitezkeen ere aztertu zuten zenbat sartzen diren ikusteko, «baina zenbakiek ez dute ematen».
Tabernarien kasuistika, ordea, zabala dela onartzen dute, eta jabeek bakarrik lan egiten duten kasuetan, agian, zabaltzeko bidea izango dutela diote. «Baina guk langileak ditugu gure kargu. Orain aldi baterako enplegu erregulazioan daude, eta hori eten eta denak batera lanean ezin ditugu jarri, terrazarekin bakarrik ez dugulako aterako soldatak ordaintzeko adina». Langileak ABEEtik banaka edo gutxinaka atera ahal izatea eskatzen dute.
Maiatzaren 25ean hasiko den bigarren fasearekin taberna barruak irekitzea etorriko dela eta, «orduan ere zaila izango da gure tabernak zabaltzea, ikusiko dugu».
Lehen fasea: maiatzaren 11tik aurrera
LAN ARLOA
· Lan arriskuen prebentzioa.
· Jarduera bakoitzari egokituta.HERRITARRAK
· 10 laguneko taldeen bilerak.
· Etxe barruan edo aire librean.
· Ibilgailuak. Etxe berean bizi direnak batera.
· Gaubeilak. 15 lagun gehienez.GIZARTE ZERBITZUAK
· Desgaitasuna duten pertsonei zizendutako zerbitzuak.
· Etxez etxeko laguntza.HEZKUNTZA
· Ikastetxeak eta unibertsitateak. Garbitzeko eta administrazio lanetarako. Klaserik ez.ZIENTZIA-BERRIKUNTZA
· Zentro zientifiko-teknologikoak. Irekiera graduala.
· Mintegiak eta kongresuak. 30 partaidetik beherakoak.MERKATARITZA
· Dendak eta zerbitzuak. Edukiera %30era mugatuta.HOSTALARITZA
· Terrazak. Mahaien %50arekin.HOTELAK, OSTATUAK
· Gelak.Gune komunak itxita.NEKAZARITZA
· Nekazaritzako elikagaien eta arrantza sektoreak. Jarduera komertziala, dendetan bezala.KULTURA ETA AISIALDIA
· Liburutegiak, museoak. Edukiera mugatuarekin.
· Kultur ikuskizunak. 30 lagun gehienez lokal itxietan, 200 gehienez aire librean.KIROL PROFESIONALA
· Liga profesionalak. Entrenamenduen hasiera.
· Goi mailako kirol zentroak.
KIROL EZ PROFESIONALA
· Aire libreko kirol instalakuntzak. Kontakturik gabeko kirola egiteko: atletismoa, tenisa…
· Kirol zentroak, gimnasioak. Hitzorduarekin, banaka eta aldagelak erabili gabe.KULTU ARETOAK
· Elizak eta abar. Edukieraren %30era mugatuta.GARRAIOA
· Hiri barruan eta hiri artean. %80etik %100era arteko zerbitzuak.