Mirandaolako gertaeraren 400. urteurrenean egindako ekitaldia gogoratu dute dokumental batekin
Josean Larrea legazpiarrak filmatu zuen ekitaldia, eta 40 urte betetzen direla gogoratzeko dokumentala osatu du. Latxartegi aretoan ezin duenez aurkeztu, internetez zahaldu du.
Josean Larrea legazpiarrak Mirandaola 1580-1980: Mirandaolako gertaeraren 400. urteurrenaren ospakizuna 1980ko maiatzaren 3an dokumentala aurkezteko hitzordua zuen hartuta biharko, maiatzak 8, Latxartegi aretoan. Baina aurkezpena ezin duenez egin, sare sozialen bidez zabaldu du lana, Legazpiko Udalari, Zine-Klub elkarteari eta Legazpinsortzecovideak.eus ekimenari esker.
Mirandaolako gertakariaren 4. mendeurrena ospatzeko duela 40 urte legazpiarrek antolatu eta gauzatu zuten ekitaldia jasotzen du Larrearen dokumentalak, 1980ko maiatzaren 3koa. Bi ardatz izan zituen egun hartako ospakizunak: Mirandaolako mirariaren adierazpena, eta olagizon baten eta baserritar baten arteko ezkontza. Hala, herritarren parte hartzearekin, kantu, bertso eta dantzen bidez, eta joko eta ofizio iraungiak berreskuratuz, garai bateko Legazpi irudikatu zuten.
Legazpiko Euskal Eskolak sortu zuen ikuskizunaren gidoia eta legazpiar ugari inplikatuta, 1980ko maiatzaren 3a herriaren historiaren eta euskararen aldarrikapenen eta parte hartze kolektiboaren mugarri bihurtu zuen.
Josean Larrea legazpiarrak ikuskizuna filmatu egin zuen Super-8 formatuan, eta lan hartan oinarritu da Mirandaola 1580-1980: Mirandaolako gertaeraren 400. urteurrenaren ospakizuna 1980ko maiatzaren 3an dokumentala osatzeko, ekitaldiaren 40. urteurrena dela eta. Dokumentalarekin batera, Larreak baditu aurrera begirako beste asmo batzuk ere, argazki liburu bat eta erakusketa bat osatzea, besteak beste.