Zumarragan beste bi kasu atzeman dituzte, eta Goierrin 300 dira dagoeneko
Osasun Sailaren azken datuen arabera, beste bi positibo kasu atzeman dituzte Goierrin, eta 300 dira orain artekoak. Ospitalean sendagiri berri bat eman dute, eta adinekoen egoitzetan beste 7 egoiliar sendatu dira.
Osasun Sailak gaur kaleratu dituen datuen arabera, Goierrin beste bi koronabirus kasu atzeman dituzte, biak Zumarragan. Eskualdean orain arte agertutako positiboen kopurua 300era iritsi da. Zumarragako ospitalean beste pertsona bat ingresatu dute koronabirus sintomekin, baina sendagiri berri bat ere eman dute; horrenbestez, 7 dira zaintzapean daudenak, bakar bat ere ez ZIUn.
Adinekoen egoitzetatik berri onak datoz. Pasa den astean jakinarazi zuen Beasaingo Arangoiti egoitzak dagoeneko ez duela koronabirusarekin kutsatutako egoiliarrik, azkenari sendagiria eman eta gero. Atzo, berriz, Gipuzkoako egoitzetan beste 10 lagun sendatu direla jakinarazi zuen Foru Aldundiak. Horietatik 5 Zumarragako Argixao egoitzakoak dira, eta beste bi, Ordiziako San Jose egoitzakoak.
Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, 16.959ra igo da positibo eman duten pertsonen kopurua. Gipuzkoan, koronabirusa 2.852 laguni atzeman diote, atzo baino 31 gehiagori. Osasun sailak ez du zehaztu azken 24 orduetan egindako test kopurua lurraldeka; EAE mailan, 119.596 PCR eta 65.430 test azkar egin dituzte orain arte. Sendatutakoak berriz, 13.070 lagun dira EAE mailan, koronabirusa atzemandakoen %77.
Herria: | Positibo kopurua: | Aldaketa: |
Goierri | 300 | +2 |
Ordizia | 73 | = |
Zumarraga | 75 | +2 |
Beasain | 52 | = |
Legazpi | 25 | = |
Urretxu | 17 | = |
Lazkao | 16 | = |
Legorreta | 7 | = |
Zegama | 6 | = |
Ataun | 5 | = |
Idiazabal | 4 | = |
Zaldibia | 4 | = |
Segura | 4 | = |
Mutiloa | 3 | = |
Arama | 2 | = |
Itsasondo | 2 | = |
Ormaiztegi | 2 | = |
Altzaga | 1 | = |
Ezkio eta Itsaso | 1 | = |
Olaberria | 1 | = |