Beasainek dirua itzuliko die bazkideei eta jokalariei
Kuoten %20a itzuliko du. Dirua itzultzea nahi ez duten jokalarien eta bazkideen zatia egoera ekonomiko larriari aurre egiteko erabiliko da.
Beasain Kirol Elkarteak bazkideen eta behe mailetako jokalarien kuoten %20a itzuliko du. Koronabirusaren ondorioz denboraldiaren azken txanpa ez da lehiatu eta eman gabeko zerbitzuen kopurua itzultzea erabaki du zuzendaritzak. Hala, ekainaren 15a baino lehen, www.beasaike.com helbidean jarritako inprimakia bete behar da eta Xerbera tabernara eraman edo socios@beasainke.com helbidera bidali behar da.
Kuotaren itzulerari uko egin eta klubak jasoko duen dirua egoera ekonomiko larria arintzeko erabiliko da. “Ez dakigu zein neurritan eragingo digun erakunde publikoetatik, federazioetatik, Erealetik edo enpresa pribatuetatik jasotzen ditugun diru laguntzetan, baina argi daukagu ondorio negatiboak izango ditugula”, diote klubetik. “Jasotzen den laguntza guztia, ongietorria izango da, etorkizunari begira lanean jarraitu ahal izateko. Bazkideen laguntza itzela zinez eskertzen dugu”.
Futbol federazioak denboraldia amaitutzat eman du. Beasain K. E.ko lehen taldeak hamalaugarren amaitu du liga 33 punturekin eta datorren denboraldian hirugarren mailan jokatuko du.