Ez moteltzeko ariketa fisikoa
Interneteko plataformak erabilita ariketa saioak etxean egiteko bideoak jarri ditu sarean Ordiziako Majori kiroldegiak. Virginia Francok gidatutako saioak ikusgai daude
Gaur egun geroz eta garrantzia handiagoa ematen zaio osasunaren prebentzioari, eta horretarako, ariketa fisikoari buruz edo orokorrean kirola egiteari buruz, asko hitzegiten da. Konfinamendu egoeran egonda, ahal den neurrian kirola egitea oso beharrezkotzat jo duten ahotsak ere asko dira. Konfinamenduak sor dezakeen estresa eta antsietatea arintzeko botika ona izan daitekeela diote, besteak beste.
Kirol azpiegiturak itxita daude eta momentuz ezin dute ziurtatu noiz irekiko dituzten eta zein balditzatan. Bitartean, ikastaroak etxeetaraino gerturatzeko ekimen ugari jarri dira abian azken asteetan. Internet bidezko plataformek lagundu dute zer egin horretan.
Ordiziako Majori Kiroldegia itxita dago baina udalarekin elkarlanean, herritarrek ariketa fisikoa egiteko erraztasun guztiak eman dituzte. Konfinamenduak irauten duen bitartean hainbat ariketa saio Majori Kiroldegiko Youtube kanalean ikusgai egongo dira.
Virginia Francok modalitate desberdinetako ikastaroak ematen ditu Majorin bertan. Klaseak jendez beteta egotera ohituta dago baina egoerara moldatuz, kamera aurrean jarri eta horrela ari da. «Saio txiki batzuk prestatu eta Internet bidez, edozeinek ikus ditzake. Helburua da, konfinamendu egoeran egonda ere, kirola sustatzea».
Aukera desberdinak ematen ari dira: «Zumba, Aerobic, Gap, Hit eta denentzako soinketa saioak». Gainera, ziklo indoor ere ematen ari da haren lankide bat. Hasieran, egunean bi saio egiten hasi ziren. Konfinamendua pixka bat arindu zutenetik, eta kirola kalean egin daitekeenez, «astelehenetik larunbatera egunero saio bat jartzen dugu Majoriko sare sozialetan».
Konfinamendua arintzen hasi den arte, «luzea izan da». Badaki etxean kirola egitea ez dela gauza bera, baina «saiakera egitea behar-beharrezkoa» dela uste du «ez moteltzeko, bai kirola egiteko ohitura dutenen kasuan baina baita kirolik egiteko ohitura ez dutenen artean ere».