Astelehenetik aurrera lehen fasera
Hego Euskal Herriko lau herrialdeak lehen fasera igaroko dira astelehenetik aurrera. "Zuhurtzia" eskatu dute Salvador Illa eta Fernando Simon Espainiako osasun agintariek. Orain arteko ordutegiak mantenduko dira 5.000 biztanletik gorako herrietan, eta Espainiak joan-etorriak probintzia barrukoak izatea onartu badu ere, Eusko Jaurlaritzak mugatu egin du herri batetik bestera mugitzea.
Salvador Illa Espainiako Osasun ministroak eta Fernando Simon Espainiako Osasun Larrialdien Koordinazio Zentroko zuzendariak atzo gauean iragarri zuten Hego Euskal Herriko lau herrialdeak lehenengo fasera igaroko dira. Arintze fasea deitu diote, eta maiatzaren 24a arte iraungo du. Alarma egoera horretarako luzatzea erabaki zuen asteazkenean Espainiako Diputatuen Kongresuak.
Fase berriak bi oinarri izango dituela nabarmendu du Illak: erkidegoen eta Espainiako Gobernuaren arteko elkarlana eta zuhurtzia. Zuhurtzia inoiz baino garrantzitsuagoa dela azpimarratu du ministroak behin eta berriz. Astelehenetik aurrera, erkidegoek eskumena izango dute haurrak ateratzeko ordutegia egokitzeko beren egoera klimatologikoaren arabera.
Hartutako neurriak «eraginkorrak» diren edo ez jakiteko hamabost egun iraungo ditu lehen fase honek, baina ohartarazi du atzera egiteko aukera mahai gainean dagoela egoera okertuz gero. “Zuhurtzia” eskatu du . Hala ere, ohartarazi du fase bat gibelera egiten ahal dela egoera okertuz gero, eta azpimarratu du ezinbertzekoa dela zuhurtzia. Behin eta berriz gogorarazi du nahitaezkoa dela bi metroko segurtasun tartea eta garbitasuna zaintzea. Lehenengo fasean, joan-etorriak probintzia barrukoak izango dira, eta norbere herritik atera ahal izango dute herritarrek, baina Eusko Jaurlaritzak mugatu egin du neurri hori, eta udalerrira barrura mugatuta egongo da mugikortasuna. Orain arteko ordutegiak mantenduko dira 5.000 biztanletik gorako herrietan.
Arintzearen hasiera: 1. fasea (astelehenetik aurrera)
• Probintzia barruan mugitu ahal izango da, jarritako baldintzen barruan. Eusko Jaurlaritzak mugatu egin du erabaki hori, eta lanera eta eskolara joateko edo beste salbuespen kasuetan soilik baimenduko ditu herrialde barruko mugimenduak; gainerakoan, udalerri barrura mugatuta egongo da mugikortasuna.
• Denda eta negozio txikiek ireki ahal izango dute, segurtasun neurriak hartuta.
• Saltoki handiek, 400 metro koadrotik gorakoek, ezingo dute ireki oraindik.
• Ostatuek terrazak ireki ahal izango dituzte, edukiera %50era mugatuta. Ezingo dute barruan bezerorik hartu.
• Hotelek eta lotarako lekuek ere ireki ahal izango dute, baldintza batzuk jarrita.
• Alarma egoeran geldiarazita egon diren elikagaiaren industriak martxan jarriko dira.
• Gurtza lekuek ireki ahal izango dute, edukiera %30era mugatuta.
• Hildakoei beila egiteko baldintzak arindu eta taldeak handituko dituzte; leku itxietan badira, hamar pertsona gehienez; bestela, hamabost.
• Kirolari profesionalen entrenamenduetan murrizpenak arintzeko asmoa dute.
• Harreman sozialak berreskuratu ahalko dira, adineko jendearekin eta arrisku taldeetan daudenekin izan ezik; hamar pertsona arteko bilkurak baimenduko dira, etxean nahiz kalean, bi metroko tartea gordeta.
• Ibilgailuetan: elkarrekin bizi direnak auto berean joan daitezke, edozein eserlekutan; bestela, ilara bakoitzeko bi lagun gehienez, eta maskara jantzita.