Eusko Jaurlaritzak mugatu egin du udalerri batetik bestera joatea
Soilik lanera edo eskolara joateko bidaiak eta beste salbuespen kasu batzuetan baimenduko du udalerritik ateratzea.
Eusko Jaurlaritzak mugatu egingo du Espainiako Gobernuak gaur goizean buletin ofizialetan argitaratu duen lehen fasea. Madrilen aginduan lehen fasean baimenduta daude probintzi barruko mugimenduak, baita turismoa egiteko ere. Eusko Jaurlaritzak eguerdian jakinarazi du, ordea, pertsonen mugimendua udalerri barrura mugatuko duela Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan eta soilik lanera edo eskolara joateko bidaiak eta beste salbuespen kasu batzuetan baimenduko du udalerritik ateratzea.
«Zentzuz jokatzera» deitu du Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen eta Azpiegituretako sailburuak: «Jarduera sozioekonomiko batzuk egiteko herri batetik bestera joan behar da; adibidez, lan egiteko edo medikuarengana joateko. Baina ezingo da beste herri batera joan ariketa fisikoa egiteko, aisialdian aritzeko edo hondartzara joateko».
Tapiak onartu du neurria «murriztaileagoa» dela, baina erantsi du «berme handiagoa» ere badakarrela: «Fase batetik bestera modu seguruan egin nahi dugu aurrera. Neurri zorrotzagoak dira, ez dugulako arriskurik hartu nahi. Izan ere, gehiegizko mugikortasunak eta jende pilaketek arriskua eragin dezakete».
Espainiako Gobernuak onartutako murrizpena
Antzera mintzatu da Nekane Murga Osasun sailburua; murrizketa horiek datu epidemiologikoekin loturarik ba ote duten galdetuta, ezetz erantzun du: «Harro egoteko moduko zifrak ditugu; toki onean gaude lehen fasera igarotzeko. Baina gogoan izan behar dugu nola hasi zen epidemia hemen, eta zuhurtziaz jokatu». Era berean, argitu dute Jaurlaritzak baduela eskumena joan-etorriak Madrilek baino gehiago mugatzeko, eta Espainiako Gobernuarekin adostuta dagoela gaur iragarritakoa. Hala berretsi du Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak ere: neurri murriztaileagoak hartzea proposatu duela Gasteizko gobernuak, eta onartu egin dutela. «Hori da gobernantza partekatua».
Garraio publikoa ez erabiltzeko gomendioa ere mantendu du Eusko Jaurlaritzak: «Soilik lanera joateko». Tapiak jakinarazi du tenperatura kontrolak egingo dituztela geltoki itxietan, «ausaz».
Kulturan eta kirolean ere murritzago
Joan-etorrietan ez ezik, beste eremu batzuetan ere Madrilek baino muga zorrotzagoak ezarriko ditu Jaurlaritzak. Espainiako Gobernuak atea ireki du kultura ekitaldi txikiak egiteko, baina Tapiak adierazi du ez dela «inolako jarduerarik» izango. Kirol arloan ere, antzera: eliteko kirolaz gain, kalean egiten den ariketa fisikoa baino ez dute baimenduko. Kirol instalazioak itxita egongo dira lehen fasean ere, gune komunetan jendea pilatzea eragozteko.
Turismoarekin lotutako jarduerak ere «itxita» egongo dira: «Ez da logikoa halakoak martxan jartzea norbere udalerriaren barruan geratu behar bagara». Astelehenetik aurrera, hotelek irekitzeko baimena izango dute, baina oso gutxi jarriko dira martxan, bezerorik ezean. Tapiak argitu du «lan arrazoiengatik mugitu behar diren langileei ostatu emanda» egin beharko dutela aurrera oraingoz.
Lehen fasearen aldaketa nagusietako bat da tabernak eta dendak ireki ditzaketela —bezero kopurua mugatuta—, eta hamar lagun arte elkartzeko aukera dutela senideek eta lagunek. Arlo horretan ez du aldaketarik egingo Jaurlaritzak —kontuan izanda, betiere, ezingo dela beste udalerri batera joan senideekin edo lagunekin egoteko—.