Itsasoa eta igerilekuak errekak baino seguruagoak bainurako
Ikerketa Zientifikoen Kontseilu Nagusiaren ustez, itsasoko uretan eta igerilekuan bainua hartzerakoan "kutsatzeko aukera gutxi" legoke, baina erreka eta putzuetan bainatzeari buruz ohartarazpena egin du.
CSIC Ikerketa Zientifikoen Kontseilu Nagusiak egindako ikerketa batek dioenez, “kutsatzeko aukera gutxi” leudeke Covid-19arekin kutsatzeko itsasoan edo igerilekuan bainua hartzerakoan, baina ur gezako erreka, putzu eta lakuetan bainatzearen aurkako aholkua eman dute.
Erakunde horren esanetan, birusa transmititzeko bide nagusiak arnasketarekin lotutakoak dira –eztula, doministikua eta pertsonen arteko kontaktua–, eta hortaz, eremu horietako ere, kalean edo lantokian jarraitu beharreko gomendio berak eman ditu. Hala ere, ez ditu eremu horietarako erabilpen arauak zehaztu, horretako laginak hartu eta analisiak egin beharko liratekeela irizten baitio.
Igerilekuak eta bainuetxeak
Ikerketa Zientifikoen Kontseilu Nagusiaren txostenaren arabera, igerilekuetan mikrobioen kutsadurari aurre egiteko sistemak erabiltzen dira, eta horiek desinfektatzaile lana egingo lukete birusari aurre egiteko. Bainuetxeetarako ere balioko luke neurri horrek.
Saunetan eta lurrunezko bainuetan, tenperatu handia egoten denez, ikerlariek uste dute birusak bizirauteko aukera gutxi dutela.
Itsasoko ura
Ikerketak aurreratu du oraindik ez dutela daturik birusak itsasoko uretan izan dezakeen iraunkortasunari buruz, baina nabarmendu du diluzio efektuak eta gatzak birusaren ahalmena murriztu egingo luketela, eta horrenbestez, birusa ez litzatekeela aktibo mantenduko.
Ur gezatarako ohartarazpena
Erreka, laku eta putzuetarako bestelako irakurketa bat egiten du CSIC erakundeak, iruditzen baitzaio birusak bizirik irauteko aukera gehiago izango lituzkeela ur gezako eremu horietan. Hori dela eta, arreta neurriak hartu beharko lirateke jende pilaketak saihesteko, ez baititu bainurako gomendagarri ikusten, batez ere ur geldiko putzu txikiak.