Miren Etxezarreta: "Beldur naiz prozesu honen guztiaren emaitza izango dela jende askok sufrituko duela, beste hainbatean bezala"
Miren Etxezarreta (Ordizia, 1936) EHUn Ekonomia lizentziadunak eta London School of Economicsen eta Bartzelonako Unibertsitate Autonomoan doktoreak, elkarrizketa truke batean parte hartu du 'Berria' egunkarian Mari Karmen Gallastegi EHUko Ekonomiaren Teorizazio katedradunarekin batera. Ezkor dago Covid-19ak eragindako osasun krisiak ekar dezakeenak.
Berria egunkariak Balkoitik balkoira, ekonomiaz artikulua argitaratu du gaur, ekonomiaren arloan ibilbide luze eta eskarmentu handia duten bi emakumezko elkarri galderak eginez jarrita. Hona hemen, Miren Etxezarreta ordiziarrak Mari Karmen Gallastegi bergararraren galderei emandako erantzunak.
Miren Etxezarreta
(Ordizia, Gipuzkoa, 1936). Ekonomia lizentziaduna da EHUn; London School of Economicsen eta Bartzelonako Unibertsitate Autonomoan, berriz, doktorea. Azken horretan Garapen Ekonomia irakasten du; aurretik, Sussexeko Unibertsitatean eman zituen eskolak. 1970etik gaur arte gauzatutako obran Karl Marx eta Rosa Luxemburg ezinbesteko erreferentziak izan ditu. Keynes osteko egileak ere eredu ditu, batik bat Joan Robinson, eta marxismoaren ildoko beste hainbat: Paul A. Baran eta Paul Sweezy, esaterako.
Mari Carmen Gallastegiren galderak:
1. Nola azalduko zenuke krisiak gure sisteman egin duen zuloa orain arte? Harrigarria da hartu duen sakontasuna, ezta?
2. Sartu garen zulo horretatik atera ahal izango gara Europako Batasunari esker eta berreraikitzerako funtsari esker?
3. Argi dago ez geundela prestaturik, eta ez genituela ez indarra ezta adimena ere pandemiari aurre egiteko. Krisi honen galerak berreskuratuko ditugu? Esku hartze publikoa urgentziazkoa da?
1. Bai, dezente harrituta nauka. Herrialde askoren krisia denez, garrantzi handiagoa hartzen du, baina, hala ere, neure buruari galdetzen diot nolaz ari den neurri hau hartzen, eskaria denean falta den gauza bakarra; lanean ez dagoenez, jendeak ez baitu erosteko dirurik. Ez da arazorik egon ekoizpen sistemarekin, ezta finantza sistemarekin ere. Non du jatorria hain egoera negatiboak? Herritarren diru sarreren aldeko laguntza politikak azkartasunez hartu izan balira —adibidez, soldaten gehiengoa jasotzea—, ez dut uste hain krisi handia gertatuko zenik.
Ezin diot neure buruari galdetzeari utzi nondik ateratzen diren munduko erakundeak —NDF, Espainiako Bankua, EB, eta abar— egiten ari diren aurreikuspen hain negatiboak. Ematen du arrazoi izango dutela, probintzia ekonomista batek baino gehiago, seguru, baina ez ote da izango ere ongi datorkiela beldurra zabaltzea? Herritarrak beren etxeetan itxita egotera bultzatzen ditu beldur horrek, beren bizilagunen beldur, edozein ekintza kolektibo eragotziz. Jarduera ekonomikoaren geldialdi batek, handia, hori bai, lau-sei hilabetekoa, hain ondorio larriak eragin ditzake? Espainiaren kasuan, turismoaren garrantzi handiak are gehiago okertzen du egoera, baina, hala ere, erantzunak topatzea zaila egiten zait. Neure buruari galdetzen diot beste arrazoi batzuk tarteko ez ote den izango egokia krisi sakon baten ideia hedatzea.
2. Nahiko argi dago Europako Batasuna ez dagoela askorik laguntzeko prest. Oso argi dago zein herrialdeek erabakitzen dituzten deliberazioak. Ez dut uste diru laguntza garrantzitsuak lortuko direnik. Kasu onenean, kredituak izango dira, eta exijentzia askori lotuak. EB beti izan da merkatu komuna, eta ez die sekula lagundu bere herrialdeei arazo larriei soluzioa ematen. Eta berreraikitzeko funtsa ez dakit noraino helduko den. Nori helduko zaizkio laguntzak? Marrazten ari den ildoa 2008koaren parekoa da: laguntzak finantza entitateen eta enpresa handien bidez bideratuko dituzte; haien bonuak nazioarteko erakundeek erosi ahalko dituzte. Eta, aldi berean, traba burokratiko ugari egongo dira iristeko enpresa txikietara eta arazo larriak dituzten langileengana eta langabeengana.
Beldur naiz prozesu honen guztiaren emaitza izango dela jende askok sufrituko duela, beste hainbatean bezala, batez ere sektore jakinei lotutako langileak, turismoa, ostalaritza eta garraioa, bereziki ekimen txikietakoak. Jende horrek ikusiko du nola okertzen diren beren lan eta bizi baldintzak. Enpresa handien jarduerak aurrera egingo du, bien bitartean, galera batzuekin, bai, baina arrisku handirik igaro gabe.
Lan baldintzak eta soldatak ez dira berreskuratuko, hau da, prekaritateak aurrera egingo du, eta langabezia eta ekonomia ezkutua hazi egingo dira. Jendeak eta langile normalek ahal duten moduan defendatu beharko dute, orain arte bezala.
3. Indarra eta adimena falta ditugu, ala bitartekoak? Seguruenera, Espainiako Gobernua ez da munduko onena, ezta erkidegoenak ere, baina, 2008ko krisitik osatu gabe zegoela, berriro beste krisi handi batean dago, bat-batean. Aurretik esanda doa: esku hartze publikoak funtzionatzea da espero duten gauza bakarra, ze… Zer egiten ari da ekimen pribatua arazo orokorrei irtenbidea emateko? Ekimen pribatu handiak bakarrik eskatu du zergak eta kotizazio sozialak kentzeko, eta, aldi berean, estatuari laguntza gehiago eskatu dizkio. Gainera, jarduera presaren presaz hastera bultzatu du. Non daukate koherentzia zerga gutxiago eta jarduera publiko gehiago eskatzen dutenean?
Beldur naiz, beti bezala, herritar xumeen zati garrantzitsu batek beren bizi baldintzak nola okertzen diren ikusiko duela; flotagailu baten bila zebiltzan enpresari txikiez, langile autonomoez, eta zailtasun handiak dituzten aldi baterako langileez ari naiz. Enpresa handiak osatzen joango dira, bitartean. Europako laguntzari dagokionez, oso gutxi espero dut, kale mailaz ari bagara. Agian, beste urte mordo batean Europako herrialde aberatsenetik oso urrun jarraituko dugu. Nahiago nuke oker egon!