Arduraz jokatzeko deia egin die udalak beasaindarrei
Beasaingo Udalak “arduraz jokatu behar dela” gogorarazi die beasaindarrei. Izan ere, udalaren esanetan, “1. fasean sartzeak konfinamendua leuntzea ekarri du, eta beasaindarrek orain arte modu eredugarrian jokatu dute.
Hala ere, saltokiak eta, batez ere, ostalaritza establezimenduak ireki diren lehen egunean oro har, oinarrizko segurtasun, babes eta osasun neurriak ez dira bete hainbat herritarren aldetik. Bereziki, pertsonen artean bi metroko segurtasun tartea mantentzeari dagokiona”.
Atzo gertatutakoa ikusirik, udalak herritarrei dei egiten die “erantzukizunez, zentzuz eta arduraz” joka dezaten osasun agintariek adierazitako arauak betetzerako orduan. “Gogoan izan behar da Alarma Egoeran jarraitzen dugula. Kutsatzeko arriskuak bere horretan jarraitzen du, eta ez da ahaztu behar gaixotasunarekiko ahulenak direnei, hots, gure adinekoak bereziki direla kaltetuenak. Hori dela eta, jende pilaketak saihestea eta edozein egoeran pertsonen artean gutxienez bi metroko distantzia mantentzea eskatzen da. Atzera egin ez dezagun gorde distantzia”.