«Dantza bakarrik egin daiteke, baina ekintza soziala da»
Aurtzaka dantza taldearentzat maiatza hilabete berezia da. Aurten ezingo dituzte bete-betean osatu prestatutako ekintzak, baina badabiltza egokitzapen lanetan. Formula berriak bilatzen ari direla azaldu du Izaskun Salazarrek.
Nola eragin dizue geldialdiak?
Gure jarduna aurrez aurrekoa da. Helduok entseatzeari utzi genion itxialdia hasi zenean eta umeenak ere bertan behera utzi behar izan ditugu.
Entseguak ez dituzue telematikoki bada ere egin?
Norberak nahi badu etxean egin dezake dantza, baina taldeko koordinazioa bakarka ezin denez landu, ez dugu egin. Ez du zentzurik. Halere, etxetik bideo batzuk grabatu ditugu eta ekintza askotan hartu dugu parte.
Aurtzaka.eus atarian dantzarako aholkuak jarri dituzue.
Azken egunotan ia 20 bat tutorial igo ditugu sarera. Orain festak datozela jendeari dantzan erakusteko eta entretenitzeko aukera bat eman nahi genien.
Loinatz jaietako zuen parte hartzea egokitu egin behar izan duzue.
Kalean eta taldean ezin da ezer egin eta formula bitxien bila gabiltza. Soka dantza egiteko proposamen bat bidali diogu udalari, baina hauek osasun neurriak betetzen direla bermatu behar dute oniritzia eman aurretik. Dena zintzilik dago. Gogoa badugu, baina ezin dugu ezer aurreratu datorren astean egoera bestelakoa izan daitekeelako eta gure planak pikutara joan daitezkeelako. Ea azkar iragarri dezakegun festetan noiz eta nola hartuko dugun parte.
San Martingo ezpata dantza, esaterako, ez duzue egingo.
Kasu honetan gu osagarriak gara. Prozesio bat izanik ardura elizarena da eta ez egitea erabaki dutenez geu ere ez gara aterako.
Festak baino lehenago, igande honetan, dantzari txiki eguna zineten egitekoak Beasainen.
Datak hurbiltzen hasi zirenean argi ikusi genuen dantzari txiki eguna ezingo zela egin. Bidean dantzari txiki egun asko galdu dira.
Galera handia izango da?
Oporretan joaten garenean bezala izango da. Uztailan eta abuztuan ez da dantzari txikirik egoten, baina irailean berriz ere martxan hasten gara. Parentesi bat izango da, besterik gabe. Etenaldi bat egon da eta galdu egin dira, zer egingo dugu.
Antolaketa lanekin hasita zeundeten?
Itxialdia hasi zenean orduan hasita geunden beste herrietako taldeekin kontaktuak egiten. Ez dugu alferrikako lan askorik egin. Halere, antolaketa lanak nahikoa sistematikoki egiten ditugu, urtero berdinak izaten direlako.
Zenbat lagun elkartzen zarete Beasaingo dantzari txiki egunean?
500 bat ume elkartzen dira. Herriko bi taldeez gain, normalean, ia inguruko herri danetatik etortzen dira.
Dantzari txiki eguna errekuperatzeko itxaropenik baduzue?
Momentuz ez dugu etorkizunean zer egin pentsatu. Denak egoera berean egongo gara eta denok batera egin nahiko dugu. Ez dut uste ona denik dantzari txiki egunak herri askotan pilatzea, denetara joateko aukera ez dugulako izango. Ea egoera lasaitzean etorkizuna argiago ikusten dugun eta denok batera zerbait erabaki dezakegun.
Entseguei noiz ekingo diozue?
Baimena ematen digutenean. Dantza talde amateur bat gara, eta astean bitan elkartzen garenak elkartzen gara dantza egiteko. Dantza gustatzen zaigun kuadrilla bat gara eta aukera dugunean berriz gure zaletasuna egitera itzuliko gara. Haurrei dagokionez pentsatzen dut aurtengo ikasturtean ezinezkoa izango dela eta irailean itzuli beharko dugula. Ikusi egin beharko da.
Dantzarako gogoz zaudete?
Noski. Jendeak mugitzeko gogoa du eta entseguetara gutxien agertzen zirenak ere azalduko dira.
Dantzak egoera arintzen lagundu dezake?
Dantza bakarrik egin daiteke eta osasuntsua da, baina ekintza soziala da. Ea azkar hasten garen normaltasunez dantzan, bizitza normaltasunez egiten hasi garela esan nahiko duelako.