Ordizia eta ordiziar guztiak batzen dituen irudi berria aurkeztu dute
Adur Ezenarro alkateak esan du, «inoiz baino gehiago, komunitate bateko kide garela sentitzeko» beharra dagoela une honetan. Eukene Lekuona diseinatzaileak egin du
Irudi berria estreinatu du Ordiziak Bizi herria lelopean. Udal Gobernuaren heburua izan da «ordiziarren irudi bateratua sortzea»; Ordiziako Udalarekin identifikatzen den herriko armarriaz harago, «Ordiziak bere marka propioa izatea». Adur Ezenarro alkateak uste du gainera, «inoiz baino gehiago, komunitate bateko kide garela sentitzeko» beharra dagoela momentu honetan. Irudiak biltzen duen ideiarekin koherentzian, Ordizian bertan sortuak izan dira bai irudia eta baita aurkezpen bideoa ere. Eukene Lekuona diseinatzailea izan da irudia egin duena, ACV enpresak aurkezpen bideoa eta Karmen Odriozola kazetariak jarri dio ahotsa.
Pasa den ostiralean ezagutu zen, aste osoan zehar sare sozialetan Ordiziako Udalak zabalduta ikusi ahal izan ziren bideoek gordetzen zuten sekretua, Ordiziaren marka berria, hain zuzen ere. Adur Ezenarro alkateak ere honela azaldu du: «Pasa den agintalditik hausnarketa askotan atzemandako gabezia bat zen. Ordiziak, bere aberastasun guzti horretan, faltan zuen herria biltzen duen marka bat, logotipo bat, ideia bat, bai barrura begira, bai kanpora begira». Nabarmendu du Ordiziak «udalaz harago, herri bezala, komunitate bezala, biltzen duen irudi baten beharra» zuela, «eragile guztiak, herriko pertsona guztiak, bere aniztasunean, biltzen ditu marka berriak».
Hainbat ideia eta metafora biltzen ditu irudi berriak, hala argitu du egileak berak: «Kapa, forma eta kolore desberdinez dago osatuta, guztiak nahastuta eta bat eginda,ordiziar guztiak biltzen dituen marka bat dela irudikatuz». Ordiziaren lehen letrari errefentzia eginez, «biribila da, baina aza baten moduan, borobil irregular bat da». Erdian berriz, «almendra forma duen hutsune bat du, Ordiziako alde zaharrak forma hori du». Alde zaharraren bihotza da plaza. Ordiziar guztiak islatzeko sortu duen markak, «bihotz hori babesten du, azaren hostoek bihotza babesten duten moduan».
Irudia ezagutzera emateko Plaza Nagusian kokatu zuten, bertatik pasatzen zirenen arreta erakartzeko.
Lema «aktiboa»
Irudi berriari, Bizi herria leloak laguntzen dio. Ezenarro alkateak esan du, «herriak biziak izan baino, herriak bizi egiten» direla: «Lema aktibo bat nahi genuen, ordiziarrak bultzatuko dituena hain zuzen. Garai honetan gainera, herritarrek garbi izan behar dute, haien jarrerarekin, haien erabakiekin, herria egiten dutela, herria bizi dutela, merkataritza biziberritzen dutela, ostalaritza biziberritzen dutela. Horregatik, Bizi herria da lema».
Gauzak horrela, hemendik aurrera Ordiziak irudi korporatibo berria izango du, eta armarriaren erabilera udaleko dokumentu ofizialetara mugatuko da.












