Tabernarien artean zalantzak nagusi
Konfinamendua arintzeko lehen fasea hastearekin batera, Goierriko hainbat tabernak terrazak zabaldu dituzte. Zalantza asko izan dituzte gehienek, jende kopurua mugatu izanak eta hartu beharreko neurriek eraginda. Askok ez dute errentagarritasunik ikusten.
«Hasieran zalantzan geunden, eta gure bezeroek galdetzen zutelako ireki dugu»
Maika Leo. Arrano Taberna (Beasain)
Zalantzak izan bazituzten ere, atzo ireki zuten Beasaingo Arrano taberna: «Hasieran zalantzan geunden, eta gure bezeroek galdetzen zutelako ireki dugu». Janaria eramateko zerbitzuarekin eta terrazarekin jarduera martxan jartzea erabaki dute: «Beasaingo herriak bizitasuna izaten jarraitu behar du». Azaldu dute neurriak eta protokoloak betetzea garrantzitsua dela egoerak okerrera egin ez dezan: «Orain irekitzen dugunok atzetik datozenei bidea ireki behar diegu». Ezjakintasuna eta urduritasuna nagusi dira egoera honetan, baina ilusioz eutsi diote bideari: «Zaila da, pixkanaka ikusiko dugu nola funzionatzen dugun».
«Ilusio handiarekin ireki dugu terraza, desiatzen geunden lanean hasteko»
Leire Dorronsoro. TPT Kafetegia (Lazkao)
Lazkaoko TPT kafetegiko Leire eta Nagore Dorronsoro ahizpak gogotsu agertu dira: «Ilusio handiarekin ireki dugu terraza, desiatzen geunden lanean hasteko». Gastuak berdinak dituzte, eta etxean egonda ez dago sarrerarik: «Hemen ateratakoa, hura gehiago». Lehen 56 eserleku zituzten terrazan, eta orain 48: «Mahai bakoitzean bi aulki jar daitezke». Ondo hasi dira lanean, baina lan bera egiteko denbora gehiago behar dutela azaldu dute: «Mahai batekoak altxatutakoan dena desinfektatu, terrazara zerbitzatzera joan… Ez da kontsumo gehiago dagoelako, denbora eta lan gehiago dagoelako baizik».
«Egoera ongi ikusten dut, jendea mugitu da eta ongi ari gara lanean»
Antxon Zulaika. Ibai Taberna (Ordizia)
Argi dauka Ordiziako Ibai tabernako arduraduna den Antxon Zulaikak: «Bi hilabete lan egin gabe egon gara, jarduera bertan behera, eta, azkenean, dirua behar dugu». Lehenengo egunean harrera ona izan du tabernaren irekierak: «Egoera ongi ikusten dut, jendea mugitu da eta ongi ari gara lanean». Neurriekin ere ongi moldatu dira, baina lana bikoiztu da egoera honetan: «Lan gehiago dugu, zerbitzatzen duzun aldiro garbitu behar duzulako». Protokoloak zerbitzu batzuk mugatu ditu: «Ezin duzu ezpain zapirik eman, ezta hautsontzirik ere, komuna beharrezkoetan bakarrik… lan
gehiago da azkenean».
«Jendea zain zegoen, eta pixkanaka bada ere, onena hastea dela pentsatzen dut»
Anartz Zinkunegi. Arrese jatetxea (Zaldibia)
Otsailean bete zuen urtea Anartz Zinkunegik Zaldibiako Arrese jatetxearen gidaritzan. Bederatzi hilabete itxia zeraman negozioa hartu zuen, eta urtebetean berpiztea lortu du, barrua nahiz terraza betez askotan. Eta martxa horretan zebilela, itxiera etorri zen. «Langileak ABEEn daude, eta nik Espainiatik jaso dut langabezia saria». Joan den astelehenean hasi zen etxera eramateko janaria prestatzen, eta atzo tabernako terraza ireki zuen, hiru mahairekin. «Jendea zain zegoen, eta pixkanaka bada ere, onena hastea dela pentsatu dut». Herriguneko bost tabernetatik zabalik dagoen bakarra da.
«Hainbeste denbora itxita egon eta horrela hasi behar izatea gogorra da»
Ainhoa Azurmendi. Usoa taberna (Ormaiztegi)
Krisia iritsi aurretik bi taberna zituen Ainhoa Azurmendik. Urretxukoa itxi egin behar izan du, egoerari buelta eman ezinda. Ormaiztegiko Usoa tabernan Aldi Baterako Erregulazioan daude; «eusteko ere nahiko lan» izango dutela dio. Terraza zabaldu dute, baina «oso poliki» joango dela dio. «Hainbeste denbora itxita egon eta honela hasi beharra gogorra da. Langileak ABEEan daude eta momentuz etxekoon artean ari gara». Neurri ugari hartu dituzte; mahaiak 2 metroko tartearekin, garbitasuna areagotu, komunean semaforo bat jarri eta lurrean bezeroen arteko distantziak markatu dituzte.
«Lehenengo faseko baldintzetan, seguru aski, dirua galduko nuke»
Txema Iriberri. Eire taberna (Urretxu)
Urretxun 50 bat taberna daude eta atzo bakar batek jarri zuen terraza. Iriberrik oso argi du oraindik ez duela merezi. «Lehenengo fase honetako baldintzetan, seguru aski, dirua galduko nuke. Eta hurrengo fasean ere… Aforoa ohikoa baino txikiagoa izango da eta atean norbait jarri beharko dugu aforoa kontrolatzeko». Taberna itxita du, baina ez dago geldirik. «Beharbada ez naiz behar bezain zuhurra izango, baina itxialdia taberna txukuntzeko baliatzen ari naiz: taberna margotu behar dut, konponketak egin behar ditut… Taberna txukun eduki nahi dut irekitzen dudanerako».