Terraza gutxi Goierrin
Atzotik tabernariek terrazak jarri ditzakete, baina Goierriko gehienek ez dituzte jarri. Baldintzak gogorregiak direla uste dute eta hurrengo faseetara itxarongo dute. Herritarrak terraza gose dira
Atzotik, Hego Euskal Herriko lau herrialdeak lehen fasean daude. Lehen fase honetako berrikuntzetako bat tabernariek terrazak jarri ditzaketela da. Baina baldintzak nahiko gogorrak dira eta Goierriko ostalari gehienek ez zituzten tabernak ireki atzo. Jendea terraza gose zenez, taberna ireki zutenak ez ziren bezero faltan izan.
Aulki batetik bestera bi metroko aldea egon behar du eta terraza jartzen duten ostatuek udalek emaniko lizentziak ahalbidetzen dien mahaien erdiak erabili ahal dituzte. Urruntze fisikoko arauez gain, segurtasun eta garbiketa neurri zorrotzak ezarri dituzte. Besteak beste, bezeroz aldatzen den bakoitzean mahaia eta eserlekuak desinfektatu egin behar dira, eta egunean sei aldiz gutxienez garbitu behar dira komunak. Bezeroa haiek erabiltzeko baino ezin da sartu lokalean, eta arduradunak jendearen joan-etorria kontrolatu behar du.
Baldintza horietan oso taberna gutxik ireki zuten atzo. Salbuespena Legorreta da: bertan lau taberna daude eta lauek ireki zuten. Gehienak hurrengo faseen zain daude. Izan ere, ondo bidean maiatzaren 25ean hasiko den bigarren fasean, dagoeneko bezeroak lokalera sartu ahal izango dira. Aforoa heren batekoa izango da. Ekainaren 8an, ondo bidean, tabernaren aforoa %50era igoko dute.
Bestalde, herri gehienetan ostalariak udalarekin bilerak egiten ari dira, laguntzak adosteko eta terrazak handitzeko.
Atzo taberna irekitzea erabaki zuen ostalarietako bat Zumarragako Monterrey tabernako Veronica Camaron da. Gustura ageri zen jasotako erantzunarekin. «Espero baino jende gehiago etorri da. Ez genekien zer aurkituko genuen eta, azkenean, egun guztian dezente lan egin dugu. Gainera, eguraldi txarra iragarri zuten eta ona egin du».
Bezeroek taberna ireki izana eskertu zioten. «Jendeak terrazetako giroaz gozatzeko gogoa zuen eta oso gustura egon dira. Batek tostadak eskatu ditu eta tabernakoak etxekoak baino gozoagoak direla esan dit».
Bezeroen jarrera txalotu zuen. «Jendeak oso jarrera ona izan du: ez dute mahairik mugitu, mahaia eta aulkia desinfektatu arte ez dira eseri, komunera adineko pertsona bat bakarrik joan da… Bestalde, bezeroek ez dute denbora asko eman eserita eta denbora asko egon direnek kontsumizio asko eskatu dituzte. Nire ustez, gaurkoa ikusita, hurrengo egunetan taberna gehiagok irekiko dute», iragarri zuen.
Taberna datozen egunetan irekiko dutenen artean, Lazkaoko Zelata tabernako Unai Paredes dago. «Asteburuan edo hurrengo astelehenean irekiko dugu. Orain pintaketak egiten ari gara tabernan, garbitu, desinfektatu, eta mantenu lanetan».
Lazkaoko tabernariak egoera oso gogorra dela esan zuen. «Terrazako lana eguraldiaren araberakoa da, gainera. Ez du merezi txarrarekin. Kanpoan mahai erdiak bakarrik jar ditzakegu, eta bakoitzean bi aulki; ez da errentagarria. %100arekin ere nahiko lan izaten zen batzuetan, eta 50arekin ezinezkoa da», amaitu zuen.