Euskarak ez du koronabirusik
Aurrez aurreko klaseak etenda badaude ere, euskararen irakaskuntzarekin aurrera jarraitu dute euskaltegiek. Ikasturte amaiera, udako ikastaroak eta iraileko itzulera dira kezka nagusiak.
Euskararen irakaskuntzak ere ezinbestean egokitu behar izan du jarduna koronabirusak eragindako egoerara, eta euskaltegiek on line edo internet bidezko klaseekin ordezkatu behar izan dituzte aurrez aurreko saioak.
Ikasturtearen amaiera gertu dagoen honetan, ebaluazioak, euskara maila ziurtatzeko azterketak eta udako hilabeteetan eskaini ohi dituzten ikastaro trinkoak dira euskaltegien kezka nagusiak. Irailetik aurrera zer etorriko den ere ez dute argi.
LAIDA BEGIRISTAIN
Lazkaoko Maizpide Barnetegia
«Klasez kanpo ekintzak euskaraz egiteko aukera ere badute barnetegikoek»
Maizpiden hiru lerro lantzen dituzte, barnetegia, astean zehar eta larunbatetan aurrez aurre ematen dituzten klaseak eta on line eskaintza. Orain, ikasle guztiak on line ari dira ikasten.
Ikasle gehienak barnetegikoak direla azaldu du Laida Begiristain zuzendariak, eta klasez kanpoko ekintzak ere izaten dituztenez, «horiek ere on line ematen dizkiegu, tertuliak, pilates ikastaroa, jokoak, lehiaketak.. klasez kanpo ere ekintzak euskaraz egiteko aukera izan dezaten».
Barnetegien iraupena hilabetekoa da, eta koronabirusaren krisia hasi zenean, erdi-erdian harrapatu zuen martxokoa, 100dik gora ikaslerekin. Etxera joan behar izan zuten guztiek, eta etxetik amaitu zuten ikastaroa. Apirilekorako matrikula batzuk bazituzten, eta batzuk aurrera egitea erabaki zuten arren, beste batzuk egonaldia atzeratzea erabaki zuten. Maiatzean ere gauza bera gertatu da. Eskaintza mantendu egin dute.
Gainerako klaseei dagokinez, on line emateko moldatu dituzte eta ez da arazorik izan. Irakasleak etxetik ari dira lanean.
Udari begira, «irekierarako proposamena prestatu behar dugu, eta HABErekin eta Osasun Sailarekin adostu», dio Begiristainek. «Gure asmoa da ahal den neurrian eta ahal den bezain azkar irekitzea, hartu beharreko segurtasun neurri guztiak hartuta». Udak barnetegian «jendetsuak» izaten badira ere, «aurten ezin izango da horrela izan, eta on line eskaintzarekin jarraitu beharko dugu, ezingo dugulako nahi adina ikasle hartu».
Itzulera noiz izango den ez dago argi, baina ekainarekin irakasleak Maizpidera bueltatuko direla uste du Begiristainek, eta ikasturte amaiera denez, «ebaluazioak egiteko aurrez aurreko saio batzuk planteatuko ditugu seguru aski, txandaka edo». Ekainaren erditik aurrera izango dira, baita ere, euskara maila ziurtatzeko azterketak, HABEk apirilaren 25erako hasi behar zituenak baina atzeratu egin zituenak.
IRATI ALDAZ
Goiztiri AEK Euskaltegia
«Ikasle gehienek oso ondo hartu dute on linera egindako aldaketa»
Ordizian, Beasainen, Zaldibian, Itsason, Ezkion, Seguran… euskara ikastaroak ematen dituen Goiztiri AEK Euskaltegiko Irati Aldazek azaldu duenez, koronabirusa dela eta «egun batetik bestera» aldatu behar izan dute zerbitzua, «aurrez aurreko eskaintzatik on linera, horrek suposatzen duen lan kargarekin». Euskaltegiko ikasleen gehiengoak aurrez aurreko ikastaroetarako ematen du izena Goiztirik autoikaskuntzarako eskaintza ere badu eta aldeketaren aurrean ikasleen aldetik «erantzun ona» izan dela dio Aldazek, nahiz eta ikasle gutxi batzuk «beren baliabideengatik edo egoera pertsonalarengatik» ezin izan dioten eskaintza horri eutsi, «batzuentzako euskara ez da lehentasuna egoera honetan». Goiztiriko zuzendariak aitortu du gainera, on line zerbitzura egin- dako bat bateko aldaketak «ikas prozesua piska bat moteldu» egin duela.
Posta elektronikoa eta Whats App aplikazioa dira Goiztiriko irakasle eta ikasleen arteko harremanerako erabilitakoak, baita bideo deiak ere. «Lanak bidaltzen dizkiegu, eta egindakoan, konektatu egiten dira ikasleak, zalantzak argitzeko». Banakako tutoretzak ere egiten dituzte.
Aurrera begira mahai gainean hipotesi asko dituztela eta ezjakintasuna nagusi dela dio Aldazek, «ez dakigu amaierako ebaluazioak nola egin, hurrengo urteari begira zein izan behar den egoera…», eta HABEk ebazpen ofiziala argitaratu arte «horrela jarraituko dugu».
HABEren argibideen zain daude Gozitirin baita udako eskaintzari begira ere, uztaileko ikastaro trinkoa horren menpe dago. Baina AEK-n udako on line ikastaroetarako matrikula ireki dute, eta datorren ikasturterako aurre matrikula ere bai.
Bitartean, irakasleek etxetik egiten dute lan, eta euskaltegira itzultzen direnerako segurtasun neurriak prest dituzte, maskarak eta eskularruak tartean. Ez dakite itzulera noiz izango den, ekaina aldean gerta daitekeela uste dute, «baina irakasleak bakarrik, ikasleak ez».
GURUTZE ARRIETA
Legazpiko Udal Euskaltegia
«Euskaltegiak ohiko jarduerara bueltatzeko ahalegina egin nahi du»
Udal Euskaltegietan ere etenda dago aurrez aurreko jarduna, eta aurtengoa nola bukatuko den zehazteke badute ere, hurrengo ikasturterako aurre matrikula epea ireki dute.
Legazpiko euskategian martxoaren 13tik telematikoki ematen dituzte klaseak irakasleek, euren etxeetatik. Gurutze Arrieta zuzendariak adierazi duenez, une honetan bost ikastaro dira sistema horrekin ematen ari direnak, Moodle plataformaren bidez: «Irakasle bakoitzak bere ikasleentzako ikastaroak sortu ditu Moodle-n, eta ikasleak erabiltzaile gisa sartu ditu. Aurrez aurreko azken eguna erabili genuen Moodle erabiltzeko azalpenak emateko».
Baina koronabirusak eragindako egoera poliki-poliki normaltzen badoala eta, «ikasleei aukera eman nahi diegu ikasturteari bukaera eman eta azken balorazioa jasotzeko». Izan ere, «euskaltegiak ohiko jarduerara bueltatzeko ahalegina egin nahi du», hori bai, «ahalik eta arrisku txikienaz».
Arrietak aurreratu duenez, ekainaren 1ean irakasleak euskaltegira itzultzea nahiko lukete, eta ekainaren 11tik aurrera, ikasleak bakarka hartzen hasiko lirateke.