Duela 40 urteko legazpiarrak
Josean Larreak duela 40 urteko legazpiarrak ekarri ditu pantailara, 1980ko maiatzaren 3an Mirandaolako gertaeren 400. urteurrena ospatzeko Legazpin egin zuten ikuskizunean grabatutakoa dokumental bihurtuz.
Josean Larrea legazpiarrak hitzordu garrantzitsua zuen maiatzaren 8an Latxartegi aretoan, Mirandaola 1580-1980.Mirandaolako gertaeraren 400. urteurrenaren ospakizuna, 1980ko maiatzaren 3an dokumentalaren estreinaldia zuen aurreikusita. Alarma Egoeraren ondorioz horrelako jarduerak aurrera eramatea ezinezkoa denez, lana YouTubera igo eta sare sozialen bidez zabaldu ditu duela 40 urte legazpiarrek egin zuten herri ikuskizunean hartutako irudiak. Atzoko egunean, 1.600 ikustaldi baino gehiago zituen zenbatuta.
Zein izan da arrakasta horren gakoa? «Jendeak esan dit oso hunkigarria dela, eta askorentzat sorpresa handia ere izan dela», azaldu du Larreak. Hunkigarria, duela 40 urteko legazpiarrak ikusten direlako, eta sorpresa, askok jakin ere ez zekitelako ikuskizun hura egin zenik eta hainbeste jendek parte hartu zuenik.
Egun osoko ikuskizuna
Josean Larreak 24 urte betetzeko zituen 1980ko maiatzean. Garai hartan argazki eta zine munduarekin liluratuta zegoen, eta Gau Eskolan zebilen euskara ikasten.
Gau Eskolak ikuskizun bat prestatu zuen Mirandaolako gertaeraren 400. urteurrena ospatzeko, eta legazpiar ugari nahasi zituen. Larreak Iñaki Zelaiaren bidez lortu zuen gidoia. Bi ardatz zituen ikuskizunak: Mirandaolako mirariaren adierazpena batetik, eta olagizon baten eta baserritar baten arteko ezkontza bestetik. «Hau grabatu behar da derrigorrez!» pentsatu zuen, eta lanean jarri zen. Lehenik, grabatzeko tresnen bila hasi zen, eta bere osaba Cruz Larreari Super 8 bideo kamera eskatu zion; 3 minutuko iraupena zuten zinta mordoa ere eskuratu zuen, baita kamerak funtzionatzeko behar zituen bateriak ere, behar bezala kargatuta. Gero, «ilusioarekin eta beldurrez» atera zen ikuskizuna grabatzera egun euritsu hartan, gaur emaztea duen Amaia Martinezek lagunduta; «lehen aldia zen horrelako lan bat egiten nuena».
Ikuskizuna gune desberdinetan banatu zen: kaleko desfilea, plazako ekitaldia, Mirandaolako erakustaldiak eta festa… eta legazpiar ugarik parte hartu zuen, adin guztietakoak. Larrea egun osoan ibili zen grabatzen, «ezin ailegatu toki guztietara».
Irudia bakarrik hartu zuen, soinurik ez zuelako grabatzen kamerak, baina egun hartarako Donostiako Radio Nacionaletik etorri ziren Legazpira eta ikuskizunaren soinua jaso zuten. Larreak eskatu egin zien hilabete batzuetara; «zortea izan nuen», gogoratu du, «grabaketaren kopia bat eman zidaten, garai hartako soinu bobina handi batean». Soinuarena dokumentu garrantzitsua dela dio, «bertsoak, hitzaldiak, musika, giroa… entzuten dira».
40. urteurrenean
Material guztia osatuta, muntaia egin eta behin bakarrik proiektatu zuen, Errenteriako Langintza Azokan. Baina gordeta izan du urte hauetan guztietan. Orain, jubilatuta dagoenez, eta 40 urte betetzen zirenez, berreskuratu eta digitalizatu egin du. Originala Euskal Filmotecari eman dio gordetzeko.
Lan berrian, kreditu tituluak, argazkiak eta partaide guztien izenak jaso ditu. Emaitza, 47 minutuko iraupena duen dokumentala da. Balio etnografiko handia duela dio, «laian ikusten da jendea, egurra lantzen, haizeola bat jarri zuten martxan… eta batez ere, duela 40 urteko legazpiarrak ikusten dira».
Aurreko ostiralean, maiatzaren 8an Latxartegin zine klub saio baten barruan estreinatu nahi zuen dokumentala. Plana bikaina zeukan eginda, ikuskizuneko antolatzile eta partaide batzuk gonbidatuta zituelako, duela 40 urteko kontuak gogora ekartzeko. «Hainbeste jendek lan egin eta parte hartu zuen, gidoia prestatzen, musika eta dantza berriak asmatzen, bertsotan, arropak egiten, erakustaldietan, antzezpenetan… Dokumentalarekin eta ondoren egin nahi genuen mahai ingurarekin haiei guztiei aitortza egitea zen asmoa».
Larreak ez du Latxartegiko plana alboratu, eta dena ondo badoa, udazkenean jarriko dute hitzordu berria. Ordurako prest izango dute lan honen guztiaren lagungarri izango den liburua, ikuskizunaren historia jasoko duena. «80 bat irudi izango ditu; nire anaia Javierrek diapositibetan atera zituenak dira, kalitate handikoak». Argazki horietako batzurekin erakusketa bat egiteko asmoa ere badute.
Grabazio gehiago
Dokumentala sare sozialen bidez zabaldu du Larreak, ete bere YouTube kontuan ere ikus daiteke. Ez da plataforma horretan ikusgai duen lan bakarra. Aste honetan bertan beste bi dokumental igo ditu bertara, biak 1980ko hamarkadan Legazpin indar handia izan zuen Hots komunikazio talde herrikoiarekin batera osatutakoak. Brinkolako Igeralde errotaren funtzionamendua azaltzen du batek, eta besteak, Legazpin, Zumarragan eta Urretxun egin zen Kilometroak festa.