Goierriko adinekoen egoitzetan ez dago jada positibo kasurik
Beasaingo Arangoiti egoitzak duela bi aste jakinarazi zuen egoiliar guztiak sendatu zirela. Orain, beste horrenbeste egin dute Ordiziako San Josen eta Zumarragako Argixao egoitzek ere.
Ez Beasainen, ez Ordizian eta ez Zumarragan. Gipuzkoako Foru Aldundiaren ardurako Goierriko adineko zentroetan ez dago koronabirus kasurik. Hala jakinarazi berri du aldundiak, prentsara bidalitako ohar baten bidez. Gipuzkoan, egoitzetan zeuden 10 lagunek jaso dute gaur sendagiria.
Beasaingo Arangoiti egoitzan hilaren 3an esan zuten positibo emandako azken egoiliarrak sendagiria jaso zuela, eta harrezkero ez da kasu berririk aurkitu. Ordiziako San Jose egoitzan eta Zumarragako Argixaon ere, sendatu dira aurrez koronabirusa atzeman zieten egoiliar guztiak, eta dagoeneko, hiru egoitzak Covid-19tik libre daudela esan liteke. Eskualdeko hiru egoitzak berriro desinfektatu dituzte egunotan, aldundiak jakinarazi duenez.
Gipuzkoako izaera publikoko 65 zentroetan 167 lagun hil dira guztira koronabirusagatik. Gaitzari buelta eman diotenak, berriz, 358 izan dira denera, eta 33k jarraitzen dute diagnostiko positiboarekin. Goierriko zentroei dagokionean, ordea, dagoeneko ez dago positibo kasurik.