Higiezinak ez dira askorik mugitu
Aste honetan hasi dira lanean higiezinen agentzietan. Etxebizitzak ere bisitatu ditzakete neurriak hartuta. Epe motzean eragin handirik ez dutela nabaritu azaldu dute agenteek.
Lehenengo fasean sartuta, higiezinen sektorean ere lanean hasi dira. Ordenagailutik egin zitzaketen lanak aurretik ere egiten bazituzten ere, joan den astelehenetik aurrera etxebizitzak ikustera joan daitezke bezeroak.
Ezjakintasuna nagusi denez arlo honetan ere, ez dakite nola eragingo duen koronabirusak epe luzera, baina oraingoz salmentek berdin jarraitzen dutela azaldu dute Goierriko higiezinen hainbat kudeatzailek.
Aurreko astean hasi ziren lanean Lazkaoko Lamy inmobiliarian. Web orrialdeko eta datu baseko lanak egiten hasi ziren, eta aste honetan etxebizitzak erakusten hasi dira: «Egia esan lan asko dago, bitxia da», esan du Gorka Lamy arduradunak. Haren arabera, epe motzean Goierri mailan ez du eraginik izango koronabirusak inmobiliariei dagokienean, baina etorkizunari begira ere agertu da: «Benetan izango luke eragina hilabete batzuetara jendea berriro etxean konfinatuta egon behar bada, horrek egoera aldatuko luke».
Lamyren kasuan, ez dute bertan behera geratu den operaziorik izan: «Guk promozio berri bat daukagu eta erreserbatuta dauzkagu etxebizitzak, horrek esan nahi du obra ez dela hasi eta baten batek aukera izango lukeela atzera botatzeko, baina inork ez du egin». Aldiz, kontrakoa gertatu zaiela azaldu du: «Bi egun hauetan beste batek erosi du etxea bertan».
Etxebizitzak ikustera
Gorka Lamyk azaldutakoaren arabera, ez zen haien asmoa hasiera batean etxebizitzak erakusten hastea, baina azkenean erakutsi dituzte: «Bi egunotan bi pertsona pisu bila etorri zaizkigu». Neurriak hartu behar dituzte, halere, pisuak ikustera joatean, batez ere norbait bizi bada bertan. Maskara, atean eskuak garbitu eta hanketako protektorea jartzen dute: «Bulegoan ez daukagu arazorik bi metroko distantzia mantentzeko, lokala handia delako».
Oporrik gabe ere
Oporren ondorengo garaiak izaten dira onenak inmobiliarientzako, jendeak pentsatzeko denbora izaten duelako. Herritarrek oporrik izan ez duten arren, pentsatzeko denbora hori izan dutenez, mugimendua nabarituko dela azaldu du Gorka Lamyk. Bakoitzak bizi duen egoeraren arabera betiere: «Garbi dago lanik gabe geratu denak erostea pentsatzen bazuen eragina izango duela honetan, baina egoera aldatu ez zaionak eta erosi nahi zuenak denbora izan du ondo pentsatzeko».
Profesionalizatzeko unea
Aukera berriak edo aldaketak egiteko momentua izaten ari da askorentzat Alarma Egoera. Gorka Lamyren ustez, higiezinen sektorea profesionalizatzeko unea ere izan daiteke.
Gipuzkoako Higiezinen Jabetzako Agenteen Elkargoko kidea da Lamy: «Gaur egun ez daude araututa pisu bat saltzeko bete behar diren baldintzak; duela urte batzuk azterketa bat egin behar zenuen eta Higiezinen Jabetzako Agentea izan behar zinen honetan lan egiteko».
Bestetik, koronabirusak telematikak ematen duen aukeraz konturatzeko balio izan duela adierazi du Lamyk. Distantzia mantendu beharrarekin, planoak ordenagailutik erakustea errazagoa izan daitekeela esan du: «Ordenagailuan etxean bertan ikus dezakezu, guk egin ditugu pare bat, bikote bat etxean, gu hemen, eta gure ordenagailuko planoak ikusten dituzte haien ordenagailuan, erosoa da». Dena dela, herritarrek oraindik bertaratzeko ohitura dute: «Jendeari kosta egiten zaio».
Prezioetarako, goizegi
Beasainen eta Zumarragan ditu bulegoak Gune inmobiliariako Miguel Angel Idiakezek. Haren arabera, etxebizitzen prezioen gorabeherak nolakoak izango diren aurreikustea ez da posible oraindik: «Goizegi da, oraindik ez garelako konsziente zein egoera ekonomikoan gauden, agian hilabete batzuetara konszientego izango gara». Bere kasuan, salmentak zerbait gutxitu direla adierazi du: «Nik uste mugimendu gutxiago dagoela, alokairuen kontsulta dezente dago, eta erosketetarako zerbait gutxiago».
Egoeran honetan, ezjakintasuna nabarmendu du Idiakezek: «Hilabeteak beharko ditugu non gauden eta zein egoeratan gauden ikusteko».
Sustatzaileak, antzeko
Inmobiliariez gain, sustatzaileek ere saltzen dituzte etxebizitzak. Jon Mikel Murua Legazpiko Lurkide enpresako arduraduna da. Bertan, batetik, kontratista gisa obrak egiten dituzte, eta bestetik etxebizitzak egiten dituzte sustatzaile bezala.
Konfinamendua hasi zenean bezero batzuek atzera egin zezaketela pentsatu bazuen ere, eraginik ez du nabari: «Salduta zeuden etxebizitzetan bezeroek aurrera jarraitu dute, eta ez da atzera pausorik egon».
Etorkizunera begira, ordea, bezero berriak erakartzeko arazoak izan ditzakete: «Hor emango da atzerakada beharbada, jendeak daukan ezegonkortasunean zerbait argitu arte ez dutelako erabakiko horrelako epe luzerako erosketa bat egitea». Muruaren arabera, egoera bideratu arte itxarongo du jendeak: «Lana ziurtatuta izan arte behintzat».
Beste mota batzuetako kontsultak ere izan dituzte Lurkiden. Muruak azaldu du bakarren bat inguratu zaiela beste mota batzutako etxeen informazio eske, daukatenarekin nahikoa ez dutelako: «Konfinamenduak erakutsi du zure etxebizitzaren ezaugarriak zein diren, eta batzuk konturatu dira etxea txikiegia dutela», agertu du.














