Mariano Garmendia legorretarra White Lines telesailean agertuko da
Netflix plataformak eskainiko du White Line telesaila bihartik aurrera. Garmendiak "esperientzia zoragarria" izan dela dio.
Talidomidaren biktimen AVITE elkarteko kide eta ordezkari bezala hainbat aldiz agertu da Mariano Garmendia legorretarra komunikabideetan. Orain, ordea, telebistarako saltoa eman du. Netflix plataformak bihar estreinatuko duen White Lines telesailean parte hartu du. Alex Pina La Casa de Papel telesail ezagunaren sortzaileak egin du gidoia, eta Juan Diego Botto eta Marta Milans bezalako aktoreek parte hartuko dute.
Garmendiak “sekulako aukera” eta “esperientzia zoragarria” izan dela azaldu du, “mundu hau eta jende zoragarria” ezagutu baititu. Diskoteka bateko Show Manager baten rola jokatzen du, eta aktore ezagunekin aritu da lanean. Saltsa guztietan apuntatzen dela dio, eta aukera sortu zitzaionean ez zuen zalantzarik izan; “errealista izan behar da, ez baitira askotan besorik gabeko norbaitentzako papelak ateratzen”.
Mariano Garmendia Talidomidak kaltetutako herritarretako bat da, eta AVITE elkarteko kide eta Euskal Herri mailako ordezkaria da. Duela gutxi, Carlos III osasun institutuak Talidomidaren biktima bezala onartu du. Urte asko daramatza botika horrek eragindako kalteak onartu daitezen lanean.