Olaberrian lokalak bizitegi gisa zein eta nola egokitu araudi batek finkatuko du
Ordenantza proposamena osatu du udalak, eta jendaurreko erakusketan dago. Ez dira asko udalerrian birmolda daitezkeen lokal komertzialak, eta batik bat Ihurre auzoan daude kokatuta
Etxebizitzen tipologia berria ezartzeko aukera zehaztuko du Olaberrian lokal komertzialak bizitegi bihurtzeko ordenantzak. Dekretu bidez, araudiaren proposamena apirilaren 14an argitaratu zuen Olaberriko Udalak, eta jendaurreko erakusketaren garaian dago orain. Koronabirusaren alarma egoeragatik epe administratiboak aurreratzen ari ez direnez, hala egongo da egoera bukatu arte.
Etxe-blokeen behealdeko lokaletan bizitegiak edo etxebizitzak birmoldatzeko baldintzak, arauak eta xehetasunak finkatuko ditu araudiak. «Ordenantza honen helburua udalerriko etxebizitza-kopurua ugaritzea da, eta egungo etxebizitzetara sartzeko pertsonek izan ditzaketen irisgarritasun-arazoei irtenbidea ematea», azaltzen du araudiaren memoriak.
Hiri Ordenamendurako Plan Orokorrak lehendik onartzen zuen lokaletan etxebizitzak jartzea, eta aukera hori arautuko eta xehetuko du ordenantzak.
Ihurrerako batez ere
Olaberriko udalerrian etxebizitza bihurtzeko adina baldintza betetzen dituzten lokalak kontatuak dira. «Ez daude lokal asko baldintzak beteko dituztenak. Ihurren daude, daudenak; hara begira egindakoa da araudia. Altuera batzuk behar dira, eta lokal batzuk badaude baldintzak betetzen dituztenak», azaldu du Jokin Garmendia alkateak.
Aldaketa hori egiteko eskaria «beti» egon dela aitortu du alkateak. «Herritarren batzuen aldetik beti aritu izan dira aukera hori zabaltzeko iradokiz. Araudiarekin, egia esan, bideak ireki baino gehiago itxi egiten ditu, baldintzak betetzen ez dituzten lokalek ez dutelako aukerarik edukiko etxebizitza bihurtzeko», gehitu du Garmendiak.
Gaur egun eraikita dauden eraikinetako behe solairuetako lokalei aplikatuko zaie araudia. Lokaletako etxebizitzen gutxieneko neurriak eta azalerak finkatzeaz gain, beste arlo ugari jaso dituzte araudi-proposamenean, Plan Orokorrarekin osagarri: sarbidea (lehentasuna eraikinaren barruko zirkulazio-elementuetatik), baldintza estetikoak, arropa esekitzeko tokiak, ke eta gasen isurbideak, besteak beste.