Osasun Sailak herrikako datuak emateari utzi dio
Eusko Jaurlaritzaren arabera pertsonako kutsatze baten mugatik jaitsi dira Araba, Gipuzkoa eta Bizkaia. Herriz herri kutsatutakoen daturik ez du emango hemendik aurrera.
Koronabirusak eragindako osasun krisia hasi zenetik aurreneko aldiz, Osasun Sailak ez ditu herriz herrikako positibo kasuen datuak eman. Azken asteetan hainbat aldaketa egin dituzte egunero argitaratzen duen txostenean, eta azkena, herrikako datuak kentzea izan da. Hori gabe, egunkari honek ezin du Goierriko datuen berririk eman.
Ospitale bakoitzean zaintzapean dagoen jende kopuruaren inguruko daturik ere ez da ageri gaurko txostenean. Eusko Jaurlaritzaren arabera, Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiko bataz bestekoa jaitsi egin da pertsona bakoitzeko lagun 1 kutsatzeko mailatik, eta horregatik hartu dute datu xeheturik ez emateko erabakia.
Datu orokorrei dagokionean, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, 18.316ra igo da positibo eman duten pertsonen kopurua. Gipuzkoan, koronabirusa 3.116 laguni atzeman diote. Osasun sailak ez du zehaztu azken 24 orduetan egindako test kopurua lurraldeka; EAE mailan, 147.283 PCR eta 86.440 test azkar egin dituzte orain arte. Sendatutakoak berriz, 14.986 lagun dira EAE mailan, koronabirusa atzemandakoen %82,8.
Goierriko datuen taula (atzoko txostenean oinarrituta):
Herria: | Positibo kopurua: | Aldaketa: |
Goierri | 308 | = |
Zumarraga | 77 | = |
Ordizia | 74 | = |
Beasain | 53 | = |
Legazpi | 27 | = |
Urretxu | 18 | = |
Lazkao | 16 | = |
Legorreta | 7 | = |
Zegama | 6 | = |
Ataun | 5 | = |
Idiazabal | 5 | = |
Segura | 4 | = |
Zaldibia | 4 | = |
Mutiloa | 3 | = |
Arama | 2 | = |
Itsasondo | 2 | = |
Ormaiztegi | 2 | = |
Altzaga | 1 | = |
Ezkio eta Itsaso | 1 | = |
Olaberria | 1 | = |