Zegama-Aizkorri mendi maratoiaren edizio birtuala
Gaurtik hilaren 24ra bitarte mendi maratoiaren 42 kilometroak osatzeko aukera izango da. Parte hartzeko ekintza horretarako sortutako webgunean eman behar da izena, eta egunero egiten diren kilometroak igo. Erronka osatzen dutenek finisher diploma pertsonalizatua jasoko dute, eta 2021eko ediziorako dortsal baten zozketan sartuko dira.
Zegama-Aizkorri mendi maratoiaren antolatzaileak eta Salomon kirol etxea ez daude etsitzeko. Jakina denez, maiatzaren 24an jokatzeko zen maratoia ez da ohiko moduan jokatzeko aukerarik izango, baina bai modu birtualean. “Hamar egun, dortsal pertsonalizatu bat eta Zegama-Aizkorriren 42 kilometroak aurretik, baina etxetik”. Horretarako, erronka berri honetarako sortu duten webgunean eman behar da izena. Gaurtik maiatzaren 24ra bitarte egongo da 42 kilometroak osatzeko aukera. Egunean zenbat kilometro egin norberak erabaki dezake, eta denak egun bakarrean egiteko aukera ere izango da.
Erronka osatzen duten guztiek finisher diploma bat jasoko dute, eta Instagram-en partekartzen badute proba etiketatuz eta #ZegamadesdeCasa, @salomon.spain eta @zegamaaizkorri-ren jarratzaile badira 2021eko edizioan parte hartu ahal izateko dortsal baten zozketan sartuko dituzte. Parte hartzeko eguneroko entrenamenduak erregistratu behar dira webgunean, eta kilometroak osatu eran ibilbidean zehar dauden ikonoak desblokeatuko dira helmugara iritsi arte. Mendi lasterketaren errekorraren jabe diren Maite Maiora eta Stian Angermund-Vik erronkan parte hartzekoak dira, baita Salomon IATI taldeko Jan Margarit, Eli Gordon, eta Aritz eta Egea eta Ainhoa Sanz urretxuarrak ere.
Maiatzaren 24an zuzeneko saio bat
Erronka hori borobiltzeko, lasterketaren egunean, zuzeneko saio bat egingo dute Zegama-Aizkorriko youtube kanalean eta facebook-ean, baita Salomon Españaren webgunean ere. Eliteko hainbat korrikalarik hartuko dute parte (Eli Anne Dvergsdal, Stian Angermund-Vik eta Maite Maiora tartean), eta sorpresaren bat edo beste ere izango dela aurreratu dute.