Asteburuan elizkizunak egiten hasiko dira Goierriko hainbat herritan
Beasainen larunbatean egingo dituzte lehenengo elizkizunak, eta Seguran eta Ormaiztegin, berriz, igandeko mezarekin hasiko dira. Atzeratutako hiletak pixkanaka egingo dituzte.
Elizkizunak eta hiletak bertan behera gelditu ziren alarma egoeragatik. Asteburu honetan Seguran, Ormaiztegin eta Beasainen mezekin hasiko dira berriro ere. Seguran larunbatean ez da mezarik izango. Igandean hasiko dira elizkizunak, 11:00etako mezarekin, Komentuan.
Ormaiztegin ere igandeko mezarekin hasiko dituzte elizkizunak, 13:00etan. Ormaiztegiko Ander Deunaren parrokia kontseiluak, hala ere, adineko pertsonei, gaixoei eta arrisku egoeran daudenei etxean geratzea gomendatu die. Neurri zehatzak ere ezarri dituzte mezetarako: maskarak erabiltzea gomendatu dute, bi metroko distantzia gorde behar da, gehienezko aforoa 50 pertsonakoa izango da eta ezingo da zutik egon ez elizaren atzeko aldean, ezta korridoreetan ere. Elizara sartzerakoan eta ateratzerakoan gel desinfektatzailea jarriko dute. Mezen ordutegia ohikoa izango da Ormaiztegin larunbatetan, igandetan eta astean zehar hiletak daudenean. Atzeratutako hiletak ere pixkanaka ospatuko dituzte.
Beasainen, aldiz, larunbatean hasiko dituzte elizkizunak. Beasaingo bi parrokiek ere adinekoei, gaixoei eta arrisku egoeran daudenei ez bertaratzea gomendatu diete. Maskara erabiltzea ere gomendatu dute, eta distantziak mantentzea derrigorrezkoa izango da. Aparteko neurri batzuk ere nabarmendu dituzte: santuen irudiak edo sagrarioa ukitzea debekatuta egongo da, jauna eskuan emango da, eta ohiko hitzak ez dira esango. Gainera, eskea ez dute elizkizunaren barruan egingo, amaieran baizik. Elizkizunen ondoren eliza desinfektatuko dute. Gehienezko aforoa 68 pertsonakoa izango da Andre Mari Zerutatuaren parrokian, 27 pertsonakoa Porterian eta 43 pertsonakoa Loinazko San Martin parrokian.
Mezen ordutegia orain arteko berdina izango da Beasaingo parrokietan. Hiletak ere pixkanaka hasiko dira ospatzen, familien eskariaren arabera.