Baltasar Suarez enpresak janaria eta materiala eman dio Gurutze Gorriari
Haurrentzako janaria eta higiene gaiak eman ditu dohaintzan. Gurutze Gorria janaria banatzen ari da etxez etxe. Hasieran 30 etxetara joaten ziren eta egun 140ra.
Zumarragako Baltasar Suarez enpresak haurrentzako janaria eta higiene gaiak eman dizkio Gurutze Gorriari. Emate ekitaldia asteazkenean izan zen. Bertan, Baltasar Suarezek eta bere seme Asierrek, Jero Casas Urola Garaiko Gurutze Gorriko lehendakariak eta Miren Maite Ruiz bertako asanbladako arduradunak parte hartu zuten.
Azken honek emandako pausoak zeintzuk izan diren azaldu zuen. «Suareztarrak gurekin harremanetan jarri ziren. Dohaintza bat egin nahi zutela esan ziguten eta guk gehien behar duguna haurrentzako gaiak direla erantzun genien. Gaur bertan hasiko gara Suarez enpresak emandako produktuak banatzen. Horien artean, esne-hautsa, pixoihalak, xaboia, toailatxoak eta poteko janaria dago. Urola Garaiko 140 familiren artean banatuko ditugu produktu hauek guztiak».
Baltasar Suarezek gainontzeko herritarrak Gurutze Gorriari laguntzera animatu zituen. «Dohaintza bi fasetan egingo dugu. Lehenengoa gaur egin dugu eta bigarrena produktu gehiago eskatzen dizkigutenean. Laguntzeko garaia da. Enpresa batzuk une gogorrak bizitzen ari dira, baina beste batzuk laguntzeko moduan daude. Guztiok lagundu behar dugu, ahal dugun heinean. Herri honetan haur bakar batek goserik ez pasatzeko haina baliabide dugu. Haur batek jatekorik ez izatea baino gauza tristeagorik ez dago».
Casasek donazio guztiak ongi etorriak direla gehitu zuen. Duela bi hilabetetik hona gauzak asko aldatu dira. Hasieran kalera atera ezin zirenei erosketak egin genizkien eta zaborra ateratzen genuen. Horretaz gain, adinekoei telefonoz deitu genien zein behar zituzten jakiteko. Geroz eta erosketa gutxiago egiten ditugu eta deiak egiteari utzi diogu. Etorkizunera begira lan egiten hasi gara eta etorkizunak itxura txarra du. Hasieran 30 familiari banatzen genien janaria eta egun 140eri. Gizarte Zerbitzuek esaten digute janaria nori eman. Beraz, laguntza behar duten familiek Gizarte Zerbitzuetara jo behar dute».