Brinkolako Igeralde errotan egindako dokumentala ikusgai
Legazpiko Hotsikus zinema taldeko kideekin batera osatu zuen 1984an; errotaren funtzionamendua eta ondoko Igeralde Garakoa baserrian ogia nola egiten zuten jasotzen du.
Josean Larrea legazpiarrak Brinkolako Igeralde errotari buruz 1984an egin zuen ikus-entzunezko lan bat zabaldu du sare sozialetan, You Tube plataforman duen kontura haren bertsio digitala igo eta gero.
Museoen Nazioarteko Egunaren atarian zabaldu du Igeralde errota dokumentala Larreak, gaur egun alarma egoerarengatik ateak itxita dituzten errota beraren eta Ogiaren Txokoa hartzen duen Igeralde Garakoa baserriaren langintzen berri ematen duena.
Biak, Igeralde errota eta Igeralde Garakoa baserria Legazpiko Brinkola auzoan daude kokatuta, eta bertara hurbildu ziren 1984ko martxoan dokumental bat filmatzera Hots komunikazio talde herrikoiaren Hotsikus zinema taldea osatzen zuten Iñaki Zelaia, Mikel Untzilla, Felix Merino, Josu Zubillaga eta Josean Larrea bera. Lana ikuspegi etnografiko eta didaktiko batekin egin zen. “Ondare hura erabiltzen zuten pertsonak bizirik egotea aukera paregabea zen, prozesua lehengaitik hasi eta azken produktua egin arte jasotzeko”, azaldu du Larreak; “Iñurritegi eta Agirre familien laguntza ezinbestekoa izan zen”.