Mendietara ikurrina eramateko asteburua
Lehenengo aldiz Martin Zabaleta hernaniarrak Everest gailurrean ikurrina jarri zuenetik 40 urte bete direnean, eta Gu ere bai! ekimenarekin bat eginez, Ehunmilak probaren antolakuntzak erronka bota du astebururako: "Asteburuan hartu ikurrina eta inguruko mendiren batera joan eta argazkia egin".
Lehenengo aldiz Martin Zabaleta hernaniarrak Everest gailurrean ikurrina jarri zuenetik 40 urte bete direnean, eta Gu ere bai! ekimenarekin bat eginez, Ehunmilak probaren antolakuntza erronka bota du astebururako: “Asteburuan hartu ikurrina eta inguruko mendiren batera joan eta argazkia egin”.
Gu ere bai! ekimenaren sustatzaileek “1980ko Euskal Espedizioa omendu eta orduko ekintza hura goraipatu” nahi dute. “Martin Zabaletak ikurrina mendi gailurrean jartzea lortu zuen, baina berak ondo gogoratzen duen bezala, ekintza kolektiboa izan zen hura, euskal espedizioko kide guztien ekinez lortu zena; Euskal Herritik dirua, babesa eta bultzada eman zuten erakunde, elkarte, aurrezki kutxa, udal eta herritar guztiena.
Gaur, euskal espedizio hura gogoratzean, bidean utzi gaituzten espediziokideak ere gogoratu nahi ditugu. Lesakako Xabier Erro, Oiartzungo Ricardo Gallardo, Azpeitiako Manu Urbieta Takolo eta Emilio Hernando deustuarra. Ezinbestekoak orduko espedizioan eta euskal mendizaletasunaren historian gogoratu beharrekoak. Agur eta ohore XXI. mendeko euskal mendizaleon izenean”.
Beraz, euskal espedizioa omendu asmoz, eta herri oso bat gailurrera zelan eraman zuten gogoratzeko, asteburu honetan Gu ere bai! ekimenak Euskal Herriko mendi gailurretara joateko deialdia egin du. “Mundu osoa astindu duen Covid_19 birusaren pandemiaren erdian, eskura dauzkagun aukerak baliatu, eta ahal dugun moduan, eta segurtasun neurriak hartuta argazkiak egingo ditugu Euskal Herriko tontorretan. Zazpi Euskal Herrietako tontorretara joango gara, ikurriñak eramango ditugu, irrintziak bota eta Euskal Herriaren izaera aldarrikatuko dugu, lau haizetara”.
Martin Zabaletak idatzitako hitzak ekarriko dituzte: “Jarraitu sustatzen gure Euskal Herriaren nortasuna munduan aurrean, noizbait zerbait lortuko dugu. Animo eta urrun arte!”.