Mezak itzuliko dira bihartik aurrera
Andre Mari Zerutiarraren Parrokian, Loinazko San Martin Parrokian eta Porterian egingo dira elizkizunak, segurtasun neurriekin.
Beasaingo elizek mezei berrekingo die asteburu honetatik aurrera. Andre Mari Zerutiarraren Parrokian, Loinazko San Martin Parrokian eta Porterian egingo dira elizkizunak, ohiko ordutegian, baina segurtasun neurriekin.
Edukiera mugatu egin dute: Andre Mari Zerutiarraren Parrokian gehienez 68 lagun egon ahalko dira, Loinazko San Martinen 43, eta Porterian 27. Ezingo da zutik egon, eta esertzeko lekuak markatuta egongo dira. Arduradunek adinekoei eta arriskuan daudenei ez joateko gomendioa egin diete. Musukoa erabiltzea ere eskatzen dute. Ezingo dira santuen irudiak ukitu eta musukatu, eta Jauna eskura emango da eta isilik. Atabaka ez da pasako eta dohaintzak eman nahi duenak amaieran egiteko aukera izango du.
Atzeratutako hiletak berreskuratzeari ere ekingo diote. Interesatuei parrokiarekin harremanetan jartzeko eskatu diete arduradunek. Horretarako telefonoa 943 881 581 da Andre Mari Zerutiarraren kasuan eta 636 47 58 93 San Martin Parrokiarentzat.