Osasun zentroetara joaten direnek bete beharrekoak
Goierri-Urola Garaia ESIa normaltasunera itzultzen ari da eta osasun zentroetara joan beharra dutenek jarraitu beharreko pausoak ezagutzera eman ditu
Alerta egoera gainditu ondoren, Goierri-Urola Garaia ESIa (Erakunde Sanitario Integratua) normaltasunera itzultzeko prestatzen hasi da. Ospitalean kirofanoak irekitzen eta programatutako ebakuntzak egiten hasi dira. Diagnostikoak egiten ere hasi dira eta kontsultak aurrez aurre edo telefonoz egin hausnartzen ari dira. Larrialdiei dagokienez, orain arte bezala, bi gune egongo dira: bata arnasketa arazoak dituztenentzat eta bestea gainerakoentzat. Haurrentzako larrialdi zerbitzuak Goizalde eraikinean jarraituko du.
Anbulatoriora joan beharra dutenek, orain arte bezala, telefonoz deitu behar dute eta zer egin behar duten esango diete.
Horra hor osasun zentroetara joaten direnek bete beharrekoak:
- Sukarra, eztula, giharretako mina eta aire falta dutenek, isolatuta egon direnek eta koronabirusa eduki duen norbatekin harreman estua izan dutenek, telefonoz deitu behar dute osasun zentrora joan aurretik (koronabirusa eduki dezaketenentzako larrialdi zerbitzura joateko, ez da telefonoz deitu behar).
- Bakarrik joatea gomendatzen da. Bestela, laguntzaile bakar batekin. Laguntzaileak ez du koronabirus sintomarik eduki behar eta kanpoan itxaron behar du.
- Osasun zentroa sartu baino lehen eta irten aurretik eskuak garbitu behar dira.
- Eskularruak daramatzanak, eskularruak kendu behar ditu eta ondoren eskuak garbitu.
- Maskara eraman behar da. Maskara etxean bertan jarri behar da, irten aurretik. Ondo jarri behar da: sudurra eta ahoa estalita.
- Kontsultara garaiz joan behar da.
- Bi metroko distantzia mantendu behar da.
- Ahal dutenek, ez dute igogailua erabili behar.
- Ez da paseatu behar osasun zentroen barruan.
Ospitalizazio kasuetan bete beharrekoak:
- Gaixoak gela barruan maskara ken dezake.
- Bi gelakide badira, segurtasun distantzia errespetatu behar dute, bien artean gortina jarri behar dute eta espazio komunetan maskara jarri behar dute.
- Medikuak aginduta bakarrik irten daitezke gelatik. Gelatik irten aurretik maskara jarri behar dute.
- Gaixo bakarrak bisita bakarra har dezake (ahal izanez gero, beti pertsona berbera). Bisitariak maskara jarri behar du eta eskuak sarritan garbitu behar ditu.