Ataungo Troskaeta koba garbitzen
Atauniker, Otsotarrak eta Aranzadi elkarteek lagunduta, eta Ataungo Udalaren eta Aizpitarte espeleologia taldearen laguntzarekin, Troskaeta koba garbitu zuten iazko urtearen bukaeran, auzolanean. Aste honetan aurkeztu dute bideoa.
Troskaeta koba auzolanean garbitu zuten hainbat lagunek, iazko azaroaren ondarrean. Atauniker kultur elkarteak, Otsotarrak elkarteak eta Aranzadik gidatu zuten egitasmoa, Ataungo Udalaren eta Errenteriako Aizpitarte elkarteko espeleologoen laguntzarekin.
Troskaeta koba ondare gisa katalogatua du Eusko Jaurlaritzak, besteak beste, Aranzadi elkarteko Jesus Elosegik 1940an Ursus spelaeus haitzuloetako hartzaren hezur ugari aurkitu zituelako. Egun, ordea, egoera txarrean zegoen kobazuloa, eta 2019an, hura garbitzeko asmotan lanean hasi ziren.
Ekainaren 6an, Kantabriako Unibertsitateko Diego Sodupe arkeologoak ikuskatu zuen Troskaeta, eta «egoera txarra» salatu zuen: estalaktikak eta estalagmitak puskatuta, grafitiak eginda, zaborra… Irailaren 21ean hasi zen garbiketa lana, bai hormetako pintatuak kentzeko, bai kobara botatako hondakinak ateratzeko. Azaroan, auzolanean garbitzeko irteera antolatu zuten. Aipatutako elkarteetako kideek eta hainbat boluntariok parte hartu zuten lan horietan. Denetariko zaborra atera dute: sokak, latak, egurra, pilak, plastikoa… Azaroaren 23an, koba sarreran argibide-ohola jarri zuten, koba zaintzeko eskatzeko.
Saio haietako irudiak eta hainbat elkarrizketa grabatu ditu On Produkzioak ekoiztetxeak, eta aste honetan aurkeztu dute bideoa, Atauniker elkarteak sarean antolatutako hitzaldi baten harira.