Gipuzkoa osoan barrena mugitu ahal izango da astelehenetik aurrera
Lehen fasean aurreikusitako neurria zen, baina Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ez da aplikatu orain arte. COVID-19 gaitzaren azken asteko bilakaera ikusita, Eusko Jaurlaritzak lurralde historiko bakoitzaren barruko joan-etorriak baimentzea erabaki du.
Konfinamendua arintzeko Espainiako Gobernuak ezarritako pausoetan, lehen fasean aurreikusten zen lurralde historiko edo probintzia barruko mugikortasuna; Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, ordea, neurri hori ez aplikatzea erabaki zuen Eusko Jaurlaritzak. Orain, ordea, herritarren mugimenduei ezarritako murrizketa hori altxatu eta lurralde mailako joan-etorriak baimentzea erabaki du. Atzo arratsaldean iragarri zuten neurria, eta gaur publikatuko dute aldizkari ofizialean. Hala, astelehen honetatik aurrera, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako herritarrek, bakoitzak bere lurraldean barrena libreki mugitzeko aukera izango dute.
Goierritarren kasuan, Gipuzkoara mugatuko dira herritarren bidaia edo irteerak, eta ez norbere udalerrira edo herri mugakideetara, orain arte bezala. Gaur-gaurkoz, lanerako, osasun edota adinekoen kontuengatik soilik mugitu daitezke herritarrak udalerritik edo alboko udalerritik harago.
Eusko Jaurlaritzak aldaketa hori ahalbidetuko duen dekretuaren eta berau onartzeko arrazoien berri eman du. Hala, COVID-19 gaitzaren “azken asteko bilakaera epidemiologikoak” eta kasu positibo berrien “beherakada iraunkorrak” ahalbidetu dute aldaketa. “Epidemiak azken astean Euskadin izan duen bilakaerak argi eta garbi erakusten du kasu positiboek beheranzko joera jarraitua eta sendoa izan dutela aurreko asteekin alderatuta. Datu horri esker, eta egiaztatu ondoren azken egunetan gertatutakoak indartu egin duela gizarteak prebentzio-ohiturei buruz duen kontzientzia, beste urrats bat egin daiteke aurrera”. Hala, “Mugikortasun arduratsua eta mailakatua” berreskuratzeko unea iritsi dela uste du Jaurlaritzak.
Kirol jarduerei dagokionez ere, baimendutako muga geografikoa lurralde mailakoa izango da astelehenetik aurrera, baina dekretu berriak ez du ezarrita dauden ordutegien gaineko aipamenik egiten.
Bigarren faserako prestatzen
Jaurlaritzak erantsi du lanean jarraitzen duela lehen fasetik bigarrenera igarotzeko. Pauso hori hilaren 25ean egingo lukete Arabak, Bizkaiak eta Gipuzkoak, Espainiako Gobernuak onartuz gero. Horretarako, hiru parametro aintzat hartuta ari dira lanean: «Osasun agintarien irizpideak zorrotz betetzea, normaltasun esparruak berreskuratzen jarraitzea eta prebentzio neurriekiko konpromiso sozialari eustea, erlaxazioa eragin lezakeen klima sozial bat eragozteko».
Nekane Murga Osasun sailburuak ere esan du lanean ari direla bigarren fasera igarotzeko. Aurreratu du Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan bigarren fasera pasatzeko eskatuko duela pandemiaren bilakaera ona bada eta kutsatu kopurua berdin mantentzen bada. Murgak nabarmendu du azken datuak «onak» direla, eta uste du egun dagoen egoerarekin konfinamendua arintzeko modua izango dela.