Bigarren fasean aurreikusten diren aldaketak
Espainiako Gobernuak bart argitaratu ditu bigarren fasearen neurri berriak. Jatetxeak, igerilekuak eta merkataritza guneak irekiko dira. Helduentzat ezarritako ordutegiak malgutuko dira. Ikastetxeei buruzko informazio berririk ez da jaso dekretu berrian.
Bart argitaratu du Espainiako Gobernuak dekretu ofizial berria. Bertan, konfinamendua leuntzeko zenbait aldaketa iragarri dira. Lehen faseko aldaketarik azpimarragarriena lurralde mailako joan-etorriak baimentzea izan da. Horrez gain, bihartik aurrera, ehiza eta arrantza egitea baimenduta egongo da. Herriko edozein dendetan beherapenak egitea posible izango da, beti ere jende pilaketak sortzea bultzatzen ez bada.
Bigarren fasean berriz, aurrez ezarritako kirola egiteko ordutegiak ezabatuko dira Goierriko herri guztietan Beasainen ezik (10.000 biztanle baino gehiago ditu).
Ostalaritzak aldaketa gehiago jasango ditu bigarren fasean: jatetxeak irekiko dira eta jendea taberna barruan egotea ahalbidetuko da (gehienezko edukieraren erdiarekin).
Merkatalguneek ez ezik, 400 metro koadroko saltokiek ere ireki ahalko dituzte ateak, eremua mugatuta. Txanda hartuz eta edukiera murriztuarekin, kirol azpiegiturak eta igerilekuak bisitatu ahalko dira. Jolaserako igerilekuak bihar zortzi zabaltzea aurreikusten dute.
Atzeratutako jaunartzeak, ezkontzak eta hiletak egingo dira, beti ere behin behineko gehienezko edukiera bezalako neurriak errespetatuz.
Nekane Murga Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak atzo iragarri zuenez, datorren astean bigarren fasera igarotzeko eskatuko du Iñigo Urkulluren gobernuak. Maiatzaren 25ean ikastetxeak irekitzeko asmoa du Eusko Jaurlaritzak, Hala ere, Espainiako Gobernuak argitaratutako dekretuan ez da aldaketa berririk aurreikusten.