Elizkizunak bueltan dira Goierrin ere
Elizkizunak eta hiletak bertan behera geratu ziren alarma egoera ezarri zenetik. Asteburu honetan hasi dira mezak eskaintzen berriz ere. Hiletak berriz, pixkanaka ospatuko dituzte, familien eskarien arabera.
Asteburu honetan Seguran, Ormaiztegin eta Beasainen meza eskaini dute berriro ere. Adineko pertsonei eta arrisku egoeran daudenei luzatu zaie mezetara joateko gonbita nahiz eta benetan komeni zaien edo ez aztertzeko proposamena egin. Beasaingo herritar askok elizara ez gerturatzea erabaki dute, pastoral kontseiluek zabaldutako gomendioak jarraituz. Besteak beste, Beasaingo Andre Maria Jasokundekoaren elizako organista etxean geratu da arrisku egoeran egoteagatik.
Apaizak behin eta berriz gogoratu ditu koronabirusaren biktimak. Mezetara joan diren gehienek maskara erabili dute eta baimendutako lekuetan soilik eseri dira, segurtasun distantzia mantenduz. Ur bedeinkaturen ordez, gel hidroalkolikoa egon da erabilgarri. Diru-bilketa egiteko erabiltzen diren poltsak elizaren sarreran egon dira. Jauna eskuan eman da, ez ahoan, eta apaiza gerturatu da ilara sortzea saihesteko. Bakea elkarri emateko garaian, apaizak begiradaz baliatzea proposatu du eta hala egin dute bertaratutakoek. Santuen irudiak ezin izan dira ukitu ez musukatu eta elizkizuna amaitutakoan, banan bana atera dira elizatik. Ondoren, desinfekzio lanak egiteari ekin diote.