LGTBIfobiaren aurka Igartzako Jauregia koloreztatu dute
1990eko maiatzaren 17an, Osasunaren Mundu Erakundearen (OME) Batzar Nagusiak homosexualitatea gaixotasun zerrendatik kendu zuen. Geroztik, LGTBI kolektiboaren salaketak entzuteko eguna eta diskriminazioari aurre egiteko eguna bilakatu da maiatzaren 17a. Homofobiaren, Transfobiaren eta Bifobiaren Aurkako Nazioarteko Eguna da gaurkoa.
Covid-19ak eragindako egoerak kaleko protestak burutzea zailtu du. Hala ere, Beasaingo Udalak, adibidez, jendarte inklusiboa, zaintzailea eta proaktiboa aldarrikatu nahi du maiatzaren 17arekin bat eginez. Hori dela eta, Igartzako Jauregia LGTBI banderaren koloreekin apaindu dute. Zabaldutako oharran argi utzi nahi izan dute inoiz baino gehiago jarraituko dutela LGBTI pertsonen eta haien ingurunearen ondoan, “LGTBIfobiaren aurka borrokatuz, pertsona guztientzat berdintasuna eta askatasuna lortu arte”.