Merkataritzari eta ostalaritzari laguntzeko lehen neurriak iragarri ditu Beasaingo Udalak
Beasaingo Udalak bertako komertzioa sustatzeko lehen neurriak hartu dituela iragarri du. Datorren egunetan jarriko dira martxan krisiari aurre egiteko landutako ekimenak.
Beasaingo Udalak alderdi guztien eta ostalarien zein merkatarien proposamenak eta beharrak jaso ondoren, bertako komertzioa sustatzeko lehen neurriak hartu dituela iragarri du. Datorren egunetan jarriko dira martxan krisiari aurre egiteko landutako ekimenak. Jarraian aipatutako iniziatibez gain, beharren arabera neurri berriak garatuko dituztela zabaldu dute webguneko oharraren bitartez:
- Udal zerga eta tasetatik salbuestea.
Itxialdiaren ondorioz fakturazioan %80ko galera izan duten komertzioei, sei hilabeteko udal zerga eta tasetatik salbuestea proposatu dute (ura, zaborra eta tabernen kasuan terrazetako tasak).
Terrazen kasuan, sei hilabeteko zergak ez dituzte ordaindu beharko eta azalera gehiago erabili ahalko dute distantziak mantentzeko (oinezkoen pasabidea oztopatzen ez den bitartean eta mahaien kopurua areagotzen ez bada).
Udala, Ur kontsortzioarekin eta Sasieta Mankomunitatearekin jarri da harremanetan ur eta zabor tasak sei hilabetez ez kobratzeko. IBIaren kasuan, ordainketan hobariren bat ezartzea aztergai geratzen da.
- Erosketak kutsatzea saihesteko segurtasun neurriak jarraituz egiten direla bermatzea.
Dendak eta tabernak zabaldu ahal izateko hartu behar diren osasun, higiene eta babes neurrien kostuaren %50a ordaintzeko prest agertu da Udala, establezimendu bakoitzari gehienez 500 euroko diru laguntza emanez. Materialen erosketa Beasainen egitea izango litzateke baldintza bakarra.
- Sustapen kanpainak.
Beasaingo Udalak merkataritza eta tokiko ekonomia indartu eta sustatzeko kanpainak areagotuko ditu, erosketak Beasainen egitera bultzatzeko helburuarekin.