Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak uztailaren 12an egingo dituzte
Iñigo Urkullu Lehendakariaren ustez "erabaki arduratsuena" da bozak uztailean egitea. Eusko Jaurlaritzak gaur etengo du osasun larrialdiaren izendapena, egoerak hobera egin duela eta.
Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak uztailaren 12an egingo dituzte. Hala jakinarazi du gaur Iñigo Urkullu lehendakariak, Jaurlaritzak eguerdian egin duen ezohiko gobernu kontseiluaren ondoren. Osasun egoerak hobera egin duela eta bozak uztailean egitea “erabaki arduratsuena” dela azaldu du. Legez, bi aukera baino ez zituztela argudiatu du, «uztailean egitea edo udazkenera atzeratzea», eta bere gobernuak lehen aukeraren alde egin du. Jaurlaritzak osasun larrialdiaren izendapena gaur bertan etengo duela ere jakinarazi du.
Osasun arloari, segurtasunari eta legalari buruzko argudioak azaldu ditu Urkulluk hauteskundeen beharra azaltzeko. Azken asteetan kasu positiboek eta heriotzek behera egin dutela nabarmendu du: «Osasun larrialdiaren egoera gainditzea lortu dugu». Gaineratu du «funtsezko eskubide bat betetzea» ahalbidetuko dutela bozek: «Legez, bi aukera baino ez ditugu: hauteskundeak uztailean egitea edo udazkenera atzeratzea». Uztailean egitea lehenetsi du, «bigarren aukera bat» izateko udazkenean, egoerak okerrera eginez gero.
Urkulluk esan du «erabaki arduratsuena» dela eta uztailak «berme guztiak» eskaintzen dituela, baina, izurria berriro hazkunde bidean jarriko balitz, bigarren aukera zabalik uzten duela uztaileko deialdiak. Ildo horretan, ziurtatu du neurriak hartuko dituztela botoa segurtasunez eman ahal izateko, eta erantsi du ez dela beharrezkoa Espainiako Gobernuak alarma egoera kentzea bozetara deitu ahal izateko. Era berean, beharrezko jo du legebiltzarra lehenbailehen martxan jartzea.
Kanpaina, ekainaren 26tik uztailaren 10era
Urkulluk sinatutako dekretuaren arabera, hauteskunde kanpaina ekainaren 26an hasiko da. Halere, alderdien esku utzi du adostea nolakoa izango den kanpaina hori, baliteke eta laburtzea. Abstentzioa hazteko aukerak kezkarik eragiten dion galdetuta, berriz, erantzun du ezetz: «Gure erantzukizuna da hauteskunde egunean ahalik eta berme guztiekin egin ahal izatea; horretan ari gara lanean. Herritar orok jakin behar du berme guztiak izango dituela botoa emateko».
Hauteskundeen deialdiaren dekretua sinatu aurretik, EAEko osasun larrialdia indargabetu beharra du Urkulluk. Hala adostu zuten Urkulluk berak eta alderdiek, martxoaren 16an, apirilaren 5eko bozak atzeratzeko bileran. Hori horrela, Euskal Autonomia Erkidegoa osasun larrialdiko egoeratik irtengo da bihar, eta «kontrol eta ikuskatze» egoera batean sartuko da. Hori Babes Zibilerako Aholku Batzordeak gaur arratsaldean egingo duten bileran gauzatuko dute; bilera horretan, Urkulluk batzordearen buruzagitza utziko du normalean izan ohi duen karguaren esku; alegia, Segurtasun sailburuaren esku.
Oposizioaren babesik gabe
Lehendakaria joan den astean bildu zen legebiltzarrean ordezkaritza duten alderdiekin, hauteskundeak noiz egin zehazteko. Oposizioko alderdi nagusiak hauteskundeak uda aurretik egitearen aurka agertu ziren, tartean EH Bildu eta Elkarrekin-Podemos, ez dela bozak egiteko garaia eta erabaki hori hartzea «arduragabekeria» dela iritzita.
Legealdia urriaren 25ean amaituko da beranduenera, eta hauteskundeak apirilaren 5ean egitekoak ziren. Koronabirusaren izurriak, ordea, hauteskunde deialdia atzeratzera behartu zuen.