Beasaigo Udalak bikoiztu egin ditu Gizarte Sailaren laguntzak
Udalak 200.000 euro bideratu ditu Gizarte Larrialdiko Laguntzak bermatzeko. Astean 550 dei egin dituzte adinekoen eta egoera zaurgarrian dauden herritarren egoera zein den jakiteko.
Beasaingo Udalak indartu egin du Gizarte Ongizate Sailaren zerbitzua alarma egoeran. Hala, Gizarte larrialdietara bideratutako laguntzak bikoiztu egin ditu 200.000 eurotara iritsi arte, eskariak ere bikoiztu egin baitira. Aurrerantzean ere laguntzen eusteko asmoa iragarri dute. Era berean, udalak 2.000 euro bideratuko ditu datozen hilabeteetan elikagaiak erosi eta Gurutze Gorriaren, Caritasen eta Nagusilanen bidez behar gehiena dutenen artean banatzeko.
Udalak arrisku taldeko herritarrekin ere harreman zuzenagoa izan du, 550 dei egin baititu astero. Bereziki, bakarrik edo bizikide guztiak 75 urtetik gorakoak diren etxeetara deitu dute jarraipen zuzena egiteko.
Udalaren arabera etxean wifirik ez zuten hamazazpi ikasleren artean sim txartelak banatu dituzte eskolak gal ez ditzaten, eta kalean zeuden etxerik gabeko pertsonei erromesen aterpetxera joateko aukera eman diete.
Azkenik, gogorarazi dute Ongizate Sailak eta gainerako udal zerbitzuak martxan jarraitzen dutela telematikoki. Harremanetarako telefonoa 943 028 050 da eta posta elektronikoa udala@beasain.eus.