Laino beltzak udal finantzaketan
Gipuzkoako Foru Aldundiak udalen finantzaketako funtsa %20 murrizteak 10,1 milioi gutxiago jasotzea eragingo die Goierriko udalei. Alkate gehienek kexua adierazi dute
Gipuzkoako udalek hasieran aurreikusitakoa baino %20 gutxiago jasoko dute aldundiaren UFFF Udalak Finantzatzeko Foru Funtsetik, aurten. Azken bost ekitaldietan urterik urte diru horniduraren sabaia goratu ondoren, braustakoan eroriko da udalen diru iturri nagusia: bostetik bat murriztea erabaki zuen maiatzaren 12an Gipuzkoako Aldundiaren Diputatu Kontseiluak.
Herrialdeko Ogasunaren zerga bilketa %20 eta 25 artean eroriko dela aurreikusi du aldundiak, koronabirusaren geldialdiak jarduera ekonomikoan eragindako kolpearen ondorioz. Horrek zuzenean eragingo die udalei, zerga bilketarekin eta biztanle kopuruarekin loturik baitago UFFFren kalkulua. «Errealitate berrira egokitzeko doiketa garrantzitsua» egin du aldundiak bere aurrekontuan.
Gipuzkoako 89 udalentzat 536 milioi izendatu ziren 2020ko UFFFn, baina 115 itzuli beharko dituzte edo kobratzeari utzi, lau zatitan jasotzen baitute, hiru hilero. Likidazioa hurrengo otsailean egiten bada ere, zerga bilketaren erorketa egitatetzat jo, eta itzulketa aurreratzea erabaki du aldundiak. «Ez dauka inolako zentzurik orain arteko eskema berdina mantentzeak», dio Mendozak. Bestetik, gogoratu du iazko itxieraren balantze positiboagatik, 11 milioi gehigarri jaso dituztela udalek.
Alkateen erantzuna, aurka
Ostegunean, Gipuzkoako 55 alkateren erantzun bateratua eragin zuen aldundiaren murrizketak. EH Bilduko alkateek eta independente ugarik erabakia «alde bakarrez» hartu izana salatu dute. Ostiralean, PSE-EEko alkateek kritikatu zuten aldundiaren neurria beren agirian, Zumarragako Mikel Serranok tartean.
EH Bildukoen eta independenteen gutunean, adierazten da Covid-19aren izurritearen aurka udalek «lehen mailako erantzuna» eman dutela. «Ez dugu onartzen aldebakarrez harturiko erabaki hau eta irtenbidea adostea proposatzen diogu Gipuzkoako Aldundiari».
Lau proposamen egin dituzte alkateek: UFFFren bostetik bat itzultzeko erabakia ezeztatzea; 2020rako udalentzat aurrekontu aurreikuspenak lehengoan mantentzea; zerga bilketaren jaitsieraren ondoriozko UFFFren beherakada itzultzeko hiru urteko epea jartzea, 2021ean hasita eta interesik gabe; eta aldundiak udalei 20 milioiko diru laguntza bideratzea, Covid-19ak sorturiko gainkostuak arintzeko.
Goierrin 15 alkatek sinatu dute idatzi bateratua. EH Bildukoak (8): Martin Aramendi (Ataun), Iñaki Alberdi (Idiazabal), Iñaki Aizpuru (Itsasondo), Zelai Amenabarro (Legorreta), Adur Ezenarro (Ordizia), Izarra Udalleta (Segura), Eztitxu Mujika (Zaldibia) eta Amaia Junquera (Zerain).
Independenteak (7): Maite Garmendia (Altzaga), Luis Garmendia (Arama), Oier Oiarbide (Gabiria), Tomas Etxaniz (Ezkio), Gaizka Balerdi (Gaintza), Iñaki Ugalde (Mutiloa) eta Jokin Garmendia (Olaberria).