Nazabal aita-semeak, Ordizia Erronka lehiaketaren irabazleak
Bigarren postuan Lander Arizmendi eta Rafa Arizmendi gelditu dira. Konfinamendua arintzeko sortu zen lehiaketak, jarraipen handia izan du Ordizian. Sari banaketa aurrerago egingo dute
Ordizia Erronka lehiaketak baditu irabazleak, eta ziurrenik, finalistek sekula ez dute ahaztuko Domingo Unanue arkitekto ordiziarraren jaiotze data zein den, horixe izan baitzen lehiaketako azken galdera. Migel Nazabal eta Ander Nazabal aita-semeak izan ziren galdera erantzuten azkarrenak eta baita ondo erantzun ere. Hori horrela, Ordizia Erronka lehiaketaren irabazleak izan dira. Finala,igandean jokatu zuten, Rafa Arizmendi eta Lander Arizmendiren aurka, aita-semeak haiek ere.
Konfinamendua arintzeko jolas moduan hasi zenak, sekulako interesa piztu du herrian. 300 lagunek parte hartu dute Ordizia Erronkan, 10.000 partidatik gora jokatu dira, eta 400 galdera erantzun dituzte. Lehen fasea aplikazio baten bidez jokatu zuten. Final zortzirenetara iritsi eta hortik aurrera, youtubeko kanalaren bidez jarraitu ahal izan dira partidak.
Denetariko galderak erantzun behar izan dituzte partaideek, historia, ondarea eta bitxikeriak besteak beste. Hori bai, guztiak Ordiziari buruzkoak. Irabazleek esan dute «maila altua» izan dela.
Denbora pasa baino gehiago
Momentuz saririk jaso ezin izan badute ere, lehiaketa jarraitu duten askok zoriondu dute bikote irabazlea. Ander Nazabalek lehiaketaren inguruan esan du «esperientzia oso polita izan» dela, «Ordiziari buruz gehiago ikasteko balio» izan diolako, baina gainera «konfinamenduan egon bitartean, ordiziar sentimendua bizirik mantentzeko» ere balio izan duelako. Lehiaketarekin, «konfinamendua arinagoa» egin zaiola ere esan du. Txapelketaren formatua «oso erakargarria» iruditu zaio, eta herritarren artean sortu den lehia, «polita» izan dela.
Finala eta gainontzeko kanporaketak, Ordizia Erronkaren Youtubeko kanalean daude ikusgai.