Sahararrak oporrik gabe, eta ukrainarrenak airean
Koronabirusak zapuztu egin ditu saharar haurren udako osasun oporrak, eta Tindufeko kanpalekuetako egoera okertu; Ukrainan ere izan du eragina, baina opor programa ez dute eten momentuz.
Euskaldunek harreman estua dute sahararren kanpalekuekin eta Ukrainarekin, are gehiago uda partean. Hainbat elkarteren bitartez, euskal familien etxeetara ekartzen dituzte uda igarotzera bi eremu horietan bizi diren haurrak eta gazteak, osasun arrazoiak tarteko.
Aurten, harrera familiak bilatzeko kanpainak hasi berritan dena eten behar izan dute, koronabirusaren eraginez. Saharar haurrentzako antolatzen duten Oporrak Bakean programa bertan behera geratu da, eta Ukrainakoen oporraldia airean dago.
Sahararren egoera txarra
Legazpiko Lourdes Lopezek, sahararren aldeko Hare Haizea elkarteko kidea izateaz gain, udan haur bat hartzen du bere etxean, «baina aurten ez da haur sahararrik etorriko Euskal Herrira». Hala erabaki du Oporrak Bakean programa antolatzen duen Fronte Polisarioak. Izan ere, Algerian ere badaude koronabirusak kutsatutakoak, eta Tindufeko kanpalekuetatik 8 kilometro ra atzeman dira kasu batzuk.
Han ere konfinatuta daude, eta ondorioz, «sahararren egoera asko okertu da», Lopezek azaldu duenez. «Ezin da laguntza humanitarioa helarazi; Gabonetan bildu genituen elikagaiak Alacanten daude geldituta, eta ez dakigu noiz bidaliko dituzten». Elikagai faltari, uraren arazoa ere gehitu zaio, «toki askotan urik gabe egon dira egunetan. Kamioietan eramaten dute, baina gasolinarik ere ez dagoenez…».
Algeriako gobernuak kanpalekuak laguntzen dituela dio Lopezek, eta elikagaiak eta osasun materiala bidaltzeaz gain, kanpainako ospitale bat ere eraiki du arreta intentsiborako guneekin. Koronabirusa momentuz ez da kanpalekuetara iritsi, «baina sartzen bada, ikaragarria izango da, han jende askok asma duelako, arnasketa arazoak dituzte orokorrean».
Aurten haurrak ez dira etorriko, baina Oporrak Bakean programan parte hartzen duten gipuzkoarrak ez dira geldirik geratu eta hango familiak laguntzeko kanpaina bat jarriko dute martxan, abenduan elikagaiez, jantziez edo behar duten materialez beteriko maleta bana bidaltzeko. Bitartean, hemendik on line erosketak eginda helarazten diete laguntza, bakoitzak bere haurrari eta haren familiari.
Ukrainatik Euskal Herrira
Chernobil Elkarteko kideak baikorragoak dira, «guk aurrera jarraituko dugu udako kanpainarekin» dio Marian Izagirre lehendakariak. Kanpaina hasi berria zuten koronabirusaren krisialdia lehertu zenean, eta horrek ez die utzi udarako familia gehiago bilatzen; iazko kanpainan parte hartu zuten hego Euskal Herriko 140 familietatik batzuk aurten ezingo dutela uste du Izagirrek, «lanagatik, oporretarako planak aldatu zaizkielako edo arazo ekonomikoengatik».
Ukrainatik ekartzen dituzten haurrak 6 eta 14 urte bitartekoak dira, Chernobilgo zentral nuklearraren istripuak eragindako guneetakoak, eta hemengo harrera familiak, «era guztietakoak, edozein familia eredu behar dugu, udan haur bat zaintzeko». Uztailaren 1etik abuztuaren amaierara bitarteko egonaldiak dira, «aurten ikusiko dugu, agian atzeratu egingo dugu programa».
Beasainen, Dianaren zain
Beasaingo Aranburu-Alvarez familia aurten ere Diana ikusteko irrikan dago, baina «zaila izango da» diote. Kiev hiriburutik ordu eta erdira dagoen herri txiki batean bizi da 13 urteko gaztea, eta duela 7 urte etorri zen lehen aldiz. Beasaindarrak ere izan dira han, bere familia eta bizi den lekua ezagutzen.
7 urte eta gero, Diana «familiako bat gehiago da», dio Mari Jose Alvarezek; «oso gustura» etortzen da Beasainera, lagunak ere baditu eta hizkuntza ere menperatzen duenez, oso integratuta dago. Aurten etortzerik izango ote duen ez daki, ordea; «Chernobil Elkarteak aurrera jarraitzen du kanpainarekin, baina ez dago bere menpe; agintariek eman behar dituzte baimenak, hegazkin bidaiak hasi behar dira…». Orain ezin bada, Gabonetan ekarriko dutela dio.
Hori iritsi arte, bideo deien bidez jarraituko dute harremanetan. «Ukrainan kutsatu asko dago, baina nekazal guneetan zorionez ez. Hasieratik konfinatuta daude eta momentuz ez du eragin handiegirik izan Diana bizi den tokian. Ea horrela jarraitzen duen!».