Aurrekontu gehikuntzak onartu dituzte Zaldibian, lehen batzar telematikoan
Maiatzeko ohiko osoko bilkura Internet bidez egin dute historian lehenengo aldiz. Udaletxea eraikitzeko 200.000 euro jaso dira 'Leader'-etik. Euri jasaren kalteen balorazioa 53.600 eurokoa da
Ordubete eta bost minutuko ohiko osoko bilkura egin zuten lehengo asteazkenean Zaldibian baina koronabirusaren alarma egoerak behartuta, ezohikoa. Ez ziren zinegotziak udaletxeko batzar aretoan elkartu,telematikoki gauzatu zuten udalbatzarra bederatzi hautetsiek, Zaldibiaren historian lehenengo aldiz.
Arlo ekonomikoko erabakiek osatu zuten gai-ordenaren bizkarrezurra. Udaletxe berria eraikitzeko obra eta apirileko euri jasak eragindako kalteak konpontzea izan dira printzipalak. Aho batez onartu dira.
2020ko aurrekontuari diru gehikuntzak egin zaizkio, denera 240.263,69 euroko baliokoak. Bi kreditu aldaketa ere bideratu dira. Udaletxe berriaren proiekturako 200.000 euro jaso ditu udalak Europako Leader diru-laguntzetatik. Beheko solairua eraikitzeko eta hornitzeko da.
Beste diru etorri handiena, 31.682 eurokoa, Eusko Jaularitzaren Ingurumen Sailetik lortu dena da, herri mendian baso habitatak berreskuratzeko eta hobetzeko programarako. Bi urterako banatuko da, 2020an eta 2021ean gauzatuko baita lana. Udalak 8.888 eurorekin osatuko du ingurumen proiektuko dirua.
Zaldibia Herrigintzan udal taldeak disolbatu ostean emandako dirua (12.000), Ernaitzako bideko basozaleen zatia (11.722) eta Covid-19ari aurre egiteko elkartasun poltsa (700) ere batu dira.
Euri jasaren kostua
Apirilaren 24an Zaldibian bota zuen eurite bortitzak kalteak eragin zituen azpiegituretan. Luiziak, ur pilaketak, lokatz mugimenduak eta auzo-bide ixteak ugari izan ziren. Kalteak konpontzeko, bost harri lubeta eraiki dira: Arruegi auzorako bidean hiru, Santa Barbara gainean eta Unanubietatik Aierdirako bidean; eta bide-zorua berritu behar izan da zenbait lekutan.
Konponketa-lanen lehenengo balorazioa 53.594 euroan zenbatu du udalak. Arruegiko zorua izan ezik, besteak bukatu dira.