Kalean eta leku publikoetan maskara derrigor erabili beharko da bihartik aurrera
Sei urtetik gorako herritar guztiek erabili beharko dute, 2 metroko gutxieneko distantzia bermatzen ez den tokietan. Araudia gaur argitaratu du Espainiako Gobernuak, baina bihar sartuko da indarrean.
Espainiako Gobernuak gaur argitaratu ditu maskaren erabilerari buruzko arauak. Horren arabera, Hego Euskal Herrian 6 urtetik gorako pertsonek masakarak erabili beharko dituzte leku publikoetan, 2 metroko gutxieneko distantzia mantendu ezin denean.
Bihar sartuko da indarrean neurri hori, eta jakinarazi dutenez, ahoa eta sudurra estaltzen duen edozein maskara baimenduko dute –aukeran higienikoak eta kirurjikoak erabiltzeko gomendatu dute–. Hori bai, Espainiako Osasun ministerioak argi utzi du ez duela onartuko maskaren ordez bufandak eta zapiak erabiltzea.
Maskarak erabiltzearen derrigortasunetik kanpo geratzen dira, beraz, 0-5 urte arteko umeak. Salbuespeneko kasuak ere aurreikusi ditu gaur publikatu duen araudian. Hala, bihar indarrean sartuko den SND/422/2020 araudiaren arabera, maskararik gabe ibili ahal izango dute arnasteko arazoak dituztenek, maskarak arnasa egoki hartzea eragozten badie; osasun arazoengatik maskararen erabilera ez erabiltzea justifikatuta dutenek edota ezintasun edo menpekotasunen bat dutenen kasuan, maskara jartzea arazoa sortzen duenean.
Era berean, maskararen erabilera bateraezina den jardueretan ere maskararik gabe ibiltzea onartzen du arau berriak.